Idiazabalgo Dantza Zati Bat etxetik ikasteko aukera
Jada zehaztu da Dantza Zati Bat Idiazabalen noiz grabatuko duten: urriaren 12an eta 14ean. Egun horietan herri guztiak dantza egitea lortu nahi dute antolatzaileek. Horregatik, dantza-pauso labur eta erraz bat aukeratu dute, herritar guztiek, zaharrek eta gazteek, dantzatzeko modukoa. Pausuak ikasten joateko bideo bat ere grabatu dute, hemen goian ikus daitekeen bezala. Koreografiak lau zati izango ditu: Herriko aspaldiko dantzariek hasiko dute dantza, alegia, 80-90 hamarkadan dantza-txapelketetan plazarik plaza ibili zirenek. Talde horrek bizitzaren sorrera irudikatuko du, bizitzaren oinarrizko lau elementuak: lurra, sua, ura eta haizea. Ondoren, herriko neska gazteek hartuko dute dantza, aski ohituak baitaude, lehendik ere, dantza eta koreografia sortzaileak eskaintzen, San Juanetan eta herriko gainerako ospakizunetan. Horixe da, hain zuzen ere, irudikatuko dutena: emakumearen, gure amen ahalmen sortzailea, eta, oro har, maitasuna. Hirugarren zatian, neska-talde horrek herriko hainbat gunetara joko du, eta plazara dantzara irteteko gonbita egingo die herriko taldeei (eskola-umeak, baserritarrak, ehiztariak, erretiratuak, gaztetxeko lagunak, udaletxeko langileak eta zinegotziak, enpresetako langileak, kirolariak…). Horrela, jendea plazara sartuz joango da, harik eta giza mandala handi bat eraikitzen den arte. Mandala horren grabaketa urriaren 12an egingo da, arratsaldez. Herritarrek zirkulu handi bat egingo dute, hainbat geruzatakoa, eta guztia goitik grabatuko da, kolore, jantzi eta mugimendu desberdinez baliatuz. Jarraian, mandalak [...]
Jada zehaztu da Dantza Zati Bat Idiazabalen noiz grabatuko duten: urriaren 12an eta 14ean. Egun horietan herri guztiak dantza egitea lortu nahi dute antolatzaileek. Horregatik, dantza-pauso labur eta erraz bat aukeratu dute, herritar guztiek, zaharrek eta gazteek, dantzatzeko modukoa. Pausuak ikasten joateko bideo bat ere grabatu dute, hemen goian ikus daitekeen bezala.
Koreografiak lau zati izango ditu:
Herriko aspaldiko dantzariek hasiko dute dantza, alegia, 80-90 hamarkadan dantza-txapelketetan plazarik plaza ibili zirenek. Talde horrek bizitzaren sorrera irudikatuko du, bizitzaren oinarrizko lau elementuak: lurra, sua, ura eta haizea.
Ondoren, herriko neska gazteek hartuko dute dantza, aski ohituak baitaude, lehendik ere, dantza eta koreografia sortzaileak eskaintzen, San Juanetan eta herriko gainerako ospakizunetan. Horixe da, hain zuzen ere, irudikatuko dutena: emakumearen, gure amen ahalmen sortzailea, eta, oro har, maitasuna.
Hirugarren zatian, neska-talde horrek herriko hainbat gunetara joko du, eta plazara dantzara irteteko gonbita egingo die herriko taldeei (eskola-umeak, baserritarrak, ehiztariak, erretiratuak, gaztetxeko lagunak, udaletxeko langileak eta zinegotziak, enpresetako langileak, kirolariak…). Horrela, jendea plazara sartuz joango da, harik eta giza mandala handi bat eraikitzen den arte.
Mandala horren grabaketa urriaren 12an egingo da, arratsaldez. Herritarrek zirkulu handi bat egingo dute, hainbat geruzatakoa, eta guztia goitik grabatuko da, kolore, jantzi eta mugimendu desberdinez baliatuz. Jarraian, mandalak bihotz forma hartuko du, eta taupadak eta maitasuna irudikatuko dituzte, besoak soinuarekin batera mugituz.
Azkenik, jendea bihotzetik irteten doan heinean, ilara handi-handi bat egingo dute, Arantzamendirantz, eta, han, eskerrak emango dizkiote Luis artzaiari, bera izan baita Gazta zati bat dokumentalean erabili den ikurra, guztiaren funtsa irudikatzeko. Azken zati hori urriaren 14an grabatuko da, goizez. Idiazabal inguruko parajeak grabatuko dira, herritarrek egingo duten ilara koloreanitzarekin batera.
Laister, herriko hainbat gunetan jarriko dira izena emateko zerrendak.
Honi buruzko informazio gehiago hemen.













