Legazpiko herri plataformako kideak sinadurak biltzen
Hondakinak atez ate biltzeko sistemaren aurkako 20 herri plataformatako kideek agerraldia egin dute goizean Donostian, eta bertan izan dira Lazkaoko, Legazpiko, Ordiziako eta Ormaitegiko plataformetako kideak. Gipuzkoako Batzar Nagusietan atez ateko bilketa sistemaren inguruan talderen batek herri galdeketa egiteko eskaera egiten badu, eskari horrekin bat egingo dutela jakinarazi dute agerraldian.
Herri plataformen koordinadorak hondakinak atez ate biltzearen aurka dauden 70.000 gipuzkoarren sinadurak ere aurkeztu ditu Donostian, eta atez ateko bilketa “garestia, zikina eta pertsonen eta familien intimitatearen aurkakoa” dela azpimarratu dute: “Gure zabor poltsak polizien bidez ikuskatzea ez da bideragarria”, gehitu dute. Atez atekoak hondakinen arazoa ez duela konpontzen ere esan dute, “birziklatu ezin daitekeena tratatzeko azpiegiturak falta direlako”.
Bilduko 34 alkatek atez ateko sistema “inposatzeko” hartutako erabakiaren aurrean, beraien eskaria kontuan hartu dezaten eta “gizartean gehiengoaren nahia entzun dezaten” euren esku dagoen guztia egingo dutela adierazi dute herri plataformetako kideek.