
Juanjo Agirrezabala (Legazpi, 1959) EH Bildu koalizioaren hautagaia da Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Irakaskuntzan diplomatua eta Filosofia eta Hezkuntza Zientzietan lizentziatua da. Eusko Alkartasuna alderdian garatu du Agirrezabalak bere ibilbide politikoa. Legebiltzarkidea izan da azkeneko legealdian.
Euskal Herriak orain bizi duen egoeraren testuinguruan, inoiz baino garrantzitsuagoak al dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak?
Hauteskundeak beti izan dira garrantzitsuak, baina egia da, oraingo hauek bereziki garrantzitsuak direla. Hurrengo legebiltzarrak erronka handiei aurre egin beharko die, eta euskal gizarteak, EH Bilduren bitartez, aukera historikoa duelako porrot egiten duten politikak eta politika egiteko moduak errotik aldatzeko. Legebiltzarrak krisi ekonomikoa gainditzeko neurriak hartu eta normalizazio politikoa bideratu beharko du. Gauzak aldatzeko beharrezkoa izango da ezkerreko ikuspegiak eta subiranotasun osoaren aldeko aldarriak Legebiltzarrean indarra izatea. EH Bildu aldaketaren bermea izango da.
Zeintzuk dira EH Bilduren lehentasunak?
Krisiari erantzun egokia eman behar diogu. Hori ez da posible izango orain arte EAJk, PSE-EEk eta PPk bultzatu duen ereduaren bidez. Alderdi horien eredu politikoak porrot egin du; horregatik, EH Bilduk bestelako eredu bat dakar, justizia sozialean eta burujabetzan oinarritutakoa. Uste dugu, zerga politikaren aldaketak baliabide ekonomikoak eman ditzakeela hezkuntza, osasuna eta gizarte zerbitzuak bermatzeko eta enplegua lortzeko. Independentziarako urratsak eman nahi ditugu eta ez dugu alde bakarreko erabakiak hartu beharra baztertzen.
Politika beste modu batera egin nahi duzuela diozue. Pertsonak politikaren erdigunean jarriko dituena. Zer esan nahi duzue horrekin?
Instituzioek herritarrei bizkarra emanez lan egin dute orain arte. Horrek gutxiengo pribilegiatu batek sortu duen, baina gehiengo xumea ordaintzen ari den krisi egora honetara ekarri gaitu. Instituzioek, hein handi batean, ez diete gizartearen beharrei erantzun. Guk instituzioak herritarren esku jarri nahi ditugu. Herritarrekin aritu eta erabaki nahi dugu. Demokrazia parte hartzailean sinisten dugu.
Ekonomia krisiak markatutako hauteskundeak dira.
Nola ikusten duzue egoera?
Kezkatuta gaude, egoera larria delako, baina aldi berean itxaropentsu gaude, jakin badakigulako konponbidea badagoela. Herri itun bat behar dugu horretarako, hori bai, konponbideak ezinbesteko oinarri bat jaso behar du: enpleguaren eta ongizate estatuaren lehentasun osoa. Hauek ez dira zementuan oinarritutako politika egiteko garaiak.
Elkarrizketa osoa bihar argitaratuko da Goierriko Hitza egunkarian.