Maddalen eta Jon Joseba Arakama nazioarteko erakusleiho sariketan irabazle
Maddalen eta Jon Joseba Arakama anai-arrebak Legazpiko Arbe dendaren arduradunak dira. Baina, ez hori bakarrik, atzoz geroztik Berlinen egin den Premium Window Dresser Awars 2012 nazioarte mailako erakusleiho sariketako irabazleak dira. Sariak poz hand...
Maddalen eta Jon Joseba Arakama anai-arrebak Legazpiko Arbe dendaren arduradunak dira. Baina, ez hori bakarrik, atzoz geroztik Berlinen egin den Premium Window Dresser Awars 2012 nazioarte mailako erakusleiho sariketako irabazleak dira. Sariak poz handia eman die Arbe dendakoei, baina baita Legazpiko bizilagunei ere. Izan ere, sariketa garrantzitsua da Berlinekoa. Orain hiru urtetik egiten da, eta lehenengo aldia da aurten, alemaniarra ez den norbaitek sariketa irabazten duena.
Maddalen eta Jon Joseba Arakamak aurkeztu duten erakusleihoak erraz sartzen den mezu bat du, eta kontzeptuala eta arina da bere egituran. Ikusleak muntaian inplikatzea izan da asmoa. Erakusleihoaren aurrean dagoen eta dendara sartzea erabakitzen duen pertsona horren nahia islatzen saiatu dira, ikusle pasibo izatetik bezero potentzial izatera igarotzen denekoa, hain zuzen.
Irabazlea web gune baten bitartez egin den bozketa bidez erabaki da. Antolakuntzatik datu zehatzik eman ez badute ere, legazpiarrek 2.000 bototik gora jaso dituztela uste da. Sari gisa, 2013ko urtarrilean egingo den Berlingo Modaren Astean Lafayette galerien erakusleihoak apaintzea egokitu zaie. Iragarri dutenez, Gabonetan aurrerapen txiki bat ikusteko aukera egongo da Legazpiko Arbe dendako erakusleihoetan.