Eneritz Fernandez: «Bostak edo seiak aldera dendak itxi eta zazpiak aldera afaltzeko ohitura dago»
Eneritz Fernandez (Beasain, 1988) Alemanian izan zen hiru astez auzolandegi batean, eta orduan piztu zitzaion atzerrian bizitzeko gogoa. Urtebete beranduago Ingalaterrara joan zen uda lanean pasatzera, eta lizentziatu bezain laster, Londresera joan zen master bat ikastera.
Ikasteaz gain, zer egiten duzu Londresen?
Hemen egunero dago ekintza desberdinak egiteko aukera. Astean zehar eguna unibertsitatean pasatzen dut, baina, gero, beti saiatzen naiz lagunekin gelditzen, zerbait hartzera joateko, debalde diren bakarrizketak ikusteko, kontzerturen batera joateko… Londresen ez dago aspertzeko denborarik. Asteburuan toki berriak ezagutzen saiatzen naiz, Londresen bertan, eta inguruan daudenak. Nire bizitzako esperientzia onenetakoa ari da izaten Londresen bizitzen ari naizena.
Zertara ohitzea kosta zaizu gehien?
Ordutegietara ohitzea oso zaila egiten zait. Bostak edo seiak aldera dendak itxi, eta zazpiak aldera afaltzeko ohitura dago hemen. Ez dut uste sekula honetara ohituko naizenik.
Goierritarren oso ezberdinak al dira?
Mundu osoko jendea dago hemen, eta bertakoak europearrak dira, gu bezala; nahiko antzekoak gara. Asiarrekin alderatuta, oso desberdinak gara.
Zerk bultzatzu zaitu Londresen gelditzera?
Batez ere kultura desberdinetako jendea ezagutzeak erakartzen nau; mundu guztiko jendea ezagutzeko aukera dago. Nire masterrean, adibidez, gutxienez 20 herrialde desberdinetako jendea dago.
Zeren falta nabari duzu gehien?
Batez ere euskal giroaren falta somatzen dut; eta nola ez, jana. Lagunekin ostiralero eta larunbatero poteatzeko ohitura hori ere bai. Hemen taberna batetara joan eta ez dago aldatzeko ohiturarik. Eta, nola ez, euskaraz hitz egitea ere faltan ematen dut.
Zer ekarriko zenuke Goierrira?
Kultur aniztasuna.
Oraindik Londresen jarraitzeko asmoa daukazu, edo beste herrialde batzuk ezagutzekotan zara?
Orain dela astebete bukatu nuen masterra, eta momentuz Londresen denboraldi bat gelditzeko asmoa daukat, eta geroago itzuliko naiz Euskal Herrira. Hori bai, badakit hau ez dela izango atzerrian biziko dudan azkeneko esperientzia. Ez dakit Londresera edo beste herrialde batera joango naizen, baina Euskal Herritik aterako naiz.