Urtarrilaren 12ko manifestaziora joateko deialdia bihar Lazkaon
Urtero egiten da Bilbon euskal presoen eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko manifestazioa urtarrilaren hasieran. Aurten ere egingo da, urtarrilaren 12an, eta manifestazioa ahalik eta jendetsuena izateko, giroa berotzen hasita daude aspaldian Herrira taldekoak. Bide horretan, ekitaldi ugari egin dira gabonetan.Goierri Behean ere ekitaldi bateratu bat egingo da, bihar Lazkaon. Eguerdiko 12:00etan hasiko da ekitaldia herriko antzokian “Lainoa nahinora doa, baina gu, baina gu herrira goaz” lemapean.
Lazkaon egingo den eskualde mailako ekitaldian inguruko herrietako jendea gerturatzea espero da, eta artean Goierriko kultur mailako aurpegi ezagun asko ere bai. Hala nola, Tere Irastortza, Aitor Sarriegi, Saroi Jauregi eta beste hainbat. «Ekitaldi laburra» egingo dutela azaldu du Goierriko Herrira taldeko Edurne Bidekietak: «Sarriegik sarreratxo bat egingo du bertsoz presoen eta iheslarien eskubide inguruan, Segurako Azpilla Dantza Taldekoek koreografiatxo bat prestatu dute ekitaldirako eta sorpresatxoren bat ere egongo da». Horrez gain, «ekitaldi honetarako espreski egin duten argazki muntaia bat ere proiektatuko da euskal presoen eta iheslarien inguruan, sakabanaketa ardatz hartuta», azaldu du Bidekietak.
Ekitaldiaren amaieran bertaratzen diren guztiek ekitaldian parte hartzen duten guztiekin batera argazki bat ateratzeko asmoa ere badago. «Ekitaldi honen helburua orain arte egin den urtarrilaren 12ko manifestaziora begirako lanketaren azkenetako ekitaldia da eta Goierri Beheko deialdia egingo da», diote.