
Ampo Ordiziak C.R. La Vilaren kontra jokatuko du igandean, 12:00etan Altamiran. Ordiziarrek urte berrian etxean jokatuko duten lehen partida da, eta bost puntuak beharrezkoak dituzte sailkapeneko lehen postuei begira jarraitzeko. La Vilakoak sailkapeneko hamaikagarren postuan daude, eta postu horretan amaitzen duenak promozioa jokatu beharko du.
Ordiziarrek “egiaren unea” iritsi dela uste dute, eta datozen hilabeteak mugimendu handikoak izango direla. Hurrengo partida Gernikaren kontra jokatuko dute, ondorengoa VRAC-en kontra eta hirugarrena, ondoren, Santboianarekin. Axiok esan duenez, helburua “irabaztea” da, baina batez ere, “joko ona egitea, aurreko astean Madrilen egindakoarekin jarraitzea eta hobetzea”. Partida hauen emaitzen atzetik ikusiko da ordiziarrek nora begiratuko duten aurten.
Min hartutako jokalariei Ignas Darkintis gehitu zaie aste honetan. Belaunean min hartu du, eta bi hilabetez geldirik egon beharko du, kasurik okerrenean.