Gipuzkoako kros txapelketa Lazkaon jokatuko da etzi, 300 bat korrikalarirekin
Lazkaoko korrikalari herrikoien taldeak 11. Antzar Krosa antolatu du, iganderako. Iaz Euskadiko kros motzekoa bezala, etzi Gipuzkoako Kros Txapelketa jokatuko da. Adinka hamar lasterketa izango dira, Zubierreka auzoan, Agauntza errekaren meandroan. Duela lau urte pasatxo hil zen Eñaut Aldanondo lazkaotarraren oroimenekoa izango da.
Igandean goizeko hamarretan hasiko dira lehiaketak. Meandroko zelaian bi zirkuitu prestatu dituzte Antzar Korrikalariak taldekoek: motza 500 metrokoa, eta luzeagoa 1,2 kilometrokoa. Distantziak bi ibilbideak uztartuz aldatuko dira maila batetik bestera.
Partaidetza «oparoa» izango du krosak, Gipuzkoa osoko 300 bat atleta etortzea espero baitute. Kros modalitatean herrialdeko titulu garrantzitsuena izango da, eta «punta-puntako korrikalariak» ariko dira Zubierrekako barrutian. Tartean asko Ordiziako Txindoki Atletismo Elkartekoak.
Zerbitzuak kiroldegian
Kimuen mailatik beteranoetara, federatutakoentzat dira lasterketak. Hala ere, 12:00etan haur txikientzat (benjamin eta aurrebenjamin) proba berezia izango da, ez lehiakorra, 400 metrokoa eta asfaltoaren gainean.
Sari banaketa ekitaldia Euskadi enparantzan egingo dute, 12:45ean. Korrikalariek aldatzeko eta dutxatzeko modua Joxemiel Barandiaran Kiroldegian edukiko dute. Gurutze auzoko kirol pistan —errepidez beste aldean— komunak ere kokatuko dituzte.
Lasterketen ordutegia
10:00. Kadete neskak eta emakumezko helduak. 2,4 km.
10:15. Kadete mutilak eta gizonezko helduak. 4,1 km.
10:35. Junior neskak. 3,4 km.
10:55. Kimuak neskak. 1,2 km.
11:05. Kimuak mutilak. 1,2 km.
11:25. Haurrak neskak. 1,7 km.
11:45. Haurrak mutilak. 1,7 km.
12:00. Benjaminak eta aurrebenjaminak.
12:05. Junior mutilak, promesa neskak eta senior neskak. 5,3.
12:35. Promesa mutilak eta senior mutilak. 8,7 km.













