
Gaur goizean Sasieta Mankomunitatean Spora enpresa kataluniarrak egin berri duen azterketa aurkeztu dute Azeari Andonegi presidenteak eta Iñaki Erauskin zerbitzuburuak. Sasieta Mankomunitateko hondakinen kudeaketaren bideragarritasun plana izan da enpresa honek aztertu duena, Mankomunitatearen eremuan hondakinen gaikako bilketarako ahalik eta sistema egokiena zein den aztertzea helburu hartuta. Aurreko legealdian eskatu zitzaion Herrialde Katalanetako enpresa honi azterketa hau egiteko eta azaro eta abenduan udal ezberdinei azterketa nola zihoanaren zantzuak eman bazaizkie ere, ondorio orokor guztiak batera ematea erabaki dute. Ondorioak jasota, udalek euren herrirako zer bilketa mota den bideragarriena jakingo dute eta gero euren esku egongo da gomendatutakoa praktikan jarri edo ez, eta nola egin.
Hiru sistema mota proposatu ditu Spora enpresak, herrien arabera: Herri handienetarako bi sistema gomendatu ditu: Hondakinak bost kontenedoreren bidez jasotzea, edo beiraren kontenedore bat utzi eta gainerako lau edukiontzietara bota beharrekoak atez-ate jasotzea. Zerain, Arama, Mutiloa, Gabiria eta antzerako herri txikietarako, aldiz, hirugarren aukera misto bat proposatu du Sporak: Organikoa bilduz auzokonpostaia bultzatuko duen sistema bat.
Spora enpresakoak “adituak” direla azaldu dute “hondakinak biltzeko sistema ezberdinak aztertzen, garatzen eta ezarpeank egiten, bai bosgarren edukiontzia jartzerakoan eta baita atez atekoan ere”.