Taldekako bola txapelketaren bigarren saiora lider aurkeztuko da Zerain
Gipuzkoako taldekako bola txapelketaren bigarren eta azken jardunaldiari lidertzan egingo dio aurre Zeraingo bolari multzoak. Legazpiko Danantzako bolatokian aurreko igandean jokatutako lehen saioan sailkapeneko buru jarri ziren, 279 puntu batuta, eta etxean ari ziren Danantzako-Legazpi taldeari lau birlako aldea aterata.
Urteko lehenbiziko txapelketa ofiziala Hernanin bukatuko da, igandean. Goiz eta arratsalde dira tiraldiak. Hamar talde ari dira parte hartzen, horietatik bost goierritarrak: Zerain, Danantzako (Legazpi), Osinalderen bi (Gabiria) eta Txoritegi (Segura).
Legazpiko bolatean, Zerainen (279) eta Danantzakoren (275) atzetik, Urnieta (274), CD Hernani (269) eta Txoritegi (268) sailkatu ziren lehen bost postuetan. Ondoren, Osinalde A (265), Ategorrieta (262), Elur-Txori (Hernani, 255), Ur-Mia (Ereñotzu, 235) eta Osinalde B (225) geratu ziren.
Puntu gehien Martin Retegik
Talde bakoitza seina bolarik osatzen dute. Multzoaren emaitzak hartzen dira aintzakotzat sailkapenerako, baina eguneko tiraldiko sarietarako banakakoak ere bai. Legazpin, Martin Retegi izan zen bolari onena, 49 birlarekin. Hurrena, 48 botatakoak hamalau izan ziren, 47koak hamabi eta 46koak beste bost.













