Jon Erguin, Espainiako Txapeldun neguko triatloian
Jon Erguin beasaindarrak Espainiako neguko triatloi txapelketa irabazi du asteburuan, Reinosan (Cantabria) egindako lasterketan. Trigoi taldeko atletak, bigarren urtez jarraian irabazi du txapelketa hori, eta bide batez, argi utzi du aurten ere sasoi onean dagoela. Egoitz Zalakainek eta Raul Rodak osatu dute gizonezkoen podiuma. Emakumezkoetan ere, beste euskaldun bat, Ana Casares nafarra izan da txapela jantzi duena. Taldekako sailkapenean berriz, Trigoi taldeak hirugarren postua lortu du.
Eguraldia lagun izan zuten Reinosako irteeran bildu ziren 200 bat parte-hartzaileek. Ibilbideak, 46 kilometro zituen guztira; horietatik 10 korrika egin beharrekoak; beste 26 bizikletan, Alto Campoo tontorrerako igoerarekin; eta azken 9,6 kilometroak, iraupen eskian egin beharrekoak. Korrika egin beharreko zatian, Jaime Consola katalanak eta Iván Cáceres madrildarrak hartu zuten aurrea, baina bi gurpilen gainean jarri orduko, Erguin erasoan hasi zen, eta bizikletako zatia bukatu zutenerako, Alto Campoo gailurrean, Erguin eta Zalakain ziren lasterketaren buruan. Eski gaineko zatian ere indartsu aritu zen beasaindarra, eta aurrena sartu zen helmugan.