Jon Erguin: "Ez nago %100ean, baina sasoi puntu polita lortu dut"
Jon Erguinen adierazpenak, Espainiako Neguko Triatloi Txapelketa irabazi eta gero:
Nolako lasterketa izan da? Zer moduz ikusi duzu zeure burua?
Korrika egin beharrekoa 10 kilometroko zirkuitu bat zen, Reinosan. Azken itzulira arte lehenengo taldean joan nintzen, baina nahiago izan nuen indarrak gorde gerorako, eta pixka bat atzera gelditu nintzen. Gero, bizikletan, gogor hasi behar izan nuen aurreko taldea harrapatzeko. Komeri batzuk ere izan nituen, hanketako kalanbreekin ibili nintzelako, eta beldurrarekin aritu nintzen, baina azkenean hankek aguantatu zuten portua igotzen hasi ginenean, erasoa jo nuen eta hiru laguneko taldetxo bat gelditu ginen gailurrean. Eskia da nire puntu fuertea; hor gogor hasi nintzen eta bakarrik iritsi nintzen helmugara.
Kalanbre horiek gorabehera, sasoi aldetik ere momentu onean zaudela erakutsi duzu, ezta?
Oso ondo doa denboraldia, mendiko duatloiena oraintxe bukatu da, eta Euskal Herriko Txapelketa irabazi nuen. Iaz oso fuerte prestatu nituen Europako eta Munduko Txapelketetako probak eta hemengo duatloiak nahikoa erraz irabazi nituen, eta Espainiako Txapelketan ere hobeto sentitu nintzen. Aurten ere irabazi ditut, baina gehiago kostata; proba honetan adibidez kalanbreekin eta ibili naiz, eta zalantza gehiagorekin. Azkenean %100ean ez zaudenean beti zailagoa da, baina hala ere uste dut sasoi ona harrapatu dudala, ze nahiz eta gutxixeago prestatu, mendiko duatloiek puntu on bat eman didate, eta azken hilabete hauetan egindakoari esker, sasoi puntu onean iritsi naiz.
Urte hau lasaiago hartuko zenuela esan zenuen, aitatasuna dela medio, baina emaitzak ikusita, jarri al diozu beste helbururik zeure buruari?Otsailerako espero dugu umea, eta horregatik ez dut aurtengo denboraldia prestatu, jakinda aita izan behar nuela eta negu erdian izango zela, ez nekielako zein probatan parte hartzeko gai izango nintzen. Horregatik, prestatu bai, baina ahal denetan parte hartu eta kitto. Familia da lehendabizikoa eta burua ez dut izan nahi beste gauza batzuetan, ze horrelako proba bat prestatzen duzunean, burua ere horretan izan behar duzu. Ez dut kontu horrekin obsesionatu nahi. Neguko triatloi denboraldia orain hasi da, eta ez dut buruan inon parte hartzerik, baina umearena eta dena ondo badoa, ez dut baztertzen beste probaren batean aritzea, baina hori momentuan erabakiko dut.