Ligako lehen itzulia garaipen batekin amaitu du Estanda Ordiziak
Estanda Ordiziak garaipen batekin amaitu du lehen itzulia. 0-1 emaitzarekin irabazi dio C. Stylo Berrio taldeari eta sailkapeneko hirugarren postuan jarraitzen dute, Rocacero Guarnizo liderrarengandik sei puntura.
Euskal derbian, Ordiziarrek hasieratik bukaerara mendean izan zituzten Stylo taldeko neskak. Lehen zatia golik gabe amaitu zen, nahiz eta aukerarik ez zitzaien falta izan. Bigarren zatian, ordiziarrak zazpigarren garaipenaren bila atera ziren, eta 30. segunduan lortu zuten partidako gol bakarra. Amaia Septienek sartu zuen, area ertzean gelditu zen baloi bat aprobetxatuz.
Datorren astean Flaviobriga taldearen kontra jokatuko dute ordiziarrek, bigarren itzuliko lehen partidan. Joanekoan 5-0 irabazi zuten Estandakoek.













