
Santikutz xake taldea 2008an sortu zen, ia kasualitatez. Patxi Imaz lehendakariak gogora ekarri duenez, urte bete lehenago «Urretxuko Goierri xake taldean aritu ginen zenbait legazpiar Gipuzkoako txapelketa jokatzen». Legazpin, xakearen inguruan «talde polita» batzen zela ohartu ziren orduan, eta Urretxuko taldetik bananduta, beraien bidea egitea posible izan zitekeela bururatu zitzaien.Gaur egun, «hemezortzi bat helduk eta beste horrenbeste haurrek» osatzen dute taldea. Aurten, «sei haur berrik eman dute izena», dio harro Imazek.
Gipuzkoako xake txapelketa
Santikutz xake taldeko helduak Gipuzkoa mailako txapelketan dabiltza buru belarri. Imazek zehaztu duenez, «urtarrilean hasi eta udaberrira arte luzatzen da». Bi taldetan banatuta ari dira txapelketan jokatzen, 2. eta 3. mailan. Larunbat arratsaldetan jokatzen dituzte kanporaketak, «batzuetan kanpoko bisitariak hartzen ditugu Legazpiko lokalean, eta beste batzuetan guri tokatzen zaigu kanpora joatea», argitu du.
Haurrak dira, dena den, taldearen arima. Imazek garbi dauka «ezinbestekoa» dela haurrak xakean heztea. «Beraiek dira gure etorkizuna. Transmisioa beharrezkoa da taldea denboran iraunarazteko», azaldu du. Hala ere, guztiaren gainetik Imaz gehien asebetetzen duena, «haurrak xakean gozatzen dutela ikustea da». Are gehiago, asteroko klaseetara «oso gustura» joaten direla ere gaineratu du. Astean hiru egunetan ematen dizkie klaseak Mario Gallego taldeko kideak haurrei. Hiru taldetan banatuta joaten dira, astelehenetan kimuen mailakoak, asteazkenetan benjaminak eta ostegunetan kadeteen eta haurren mailakoak.