Atez atekoaren ezarpena urtebete atzeratzeko eskatu dio Lazkao Birziklatuzek udalari
Lazkaon atez ateko hondakin bilketa egitearen aurka iazko udan sortu zen Lazkao Birziklatuz plataformak urtebeteko luzapena eskatu dio udalari. Atzo udaletxean aurkeztutako agiri baten bidez, bilketa sistema horren ezarpena 2014a arte atzeratzeko eskatu du.
Herrian egindako sinadura bilketekin atez ateko sistemari aurkakotasuna adierazi ziotenen kopurua ipini du plataformak atzerapena eskatzeko sustengutzat, eta udal gobernuan dagoen Bilduk hauteskundeetan izan duen boto kopuruarekin alderatu du. «1.764 lazkaotarren atxikimendua lortu zuen. Bilduk aurreko bi hauteskundeetan lorturiko botoak baino gehiago dira», oroitu du.
Luzamendu epe horretan, udalak bost edukiontzien sistema «hobetzeko» eta birziklapena sustatzeko kanpainak egin ditzala ere eskatu du. «Bilduk alkatetza hartu ondoren bosgarren edukiontzia herri osoan zabaldu zuen, baina denbora honetan birziklapena sustatzeko ez du ezertxo ere egin».
Urtebeteren ondoren, «emaitzak espero zitezkeenak» ez badira, herriari hitza emateko eta «kontsulta lotesle» bat egiteko proposatu du taldeak. Helburua, zabor bilketarako «aukera jasangarriena eta egokiena» zein den erabakitzea dela aurreratu du.
Hala ere, «arazoa» oraindik bideratu daitekeela gehitu du, «erantzukizunez eta bide demokratiko eta parte-hartzaileetatik», Lazkao Birziklatuz plataformaren arabera.