Hondakinen kudeaketarako negoziazio mahaia bertan behera gelditu da
“Lau bilera egin eta gero, eta adostasun batera iristeko ahalegin guztia egin arren, Legazpiko hondakinen kudeaketarako mahaia bertan behera gelditu da”. Hitz hauekin eman du jakitera gaur goizean Kepa Urtzelai Legazpiko alkateak urtarrilean herriko ordezkari ezberdinekin batera martxan jarri zen negoziazio prozesuaren amaiera.
Denbora guzti honetan, mahaiko ordezkariek izan duten “giroa oso ona” izan dela azpimarratu du, eta horregatik parte hartzaile guztiak zoriondu nahi izan ditu “egindako ahaleginagatik”. Atzo egin zen azkeneko bileran hartu zuten erabakia. Sporak, Legazpirako diseinatutako hondakin sistema aurkeztu eta gero.
Sasietako teknikariek mahaiari luzatutako proposamenean “bi frakzio, errefusa eta organikoa, atez ate biltzea eta beste guztia, orain arte bezala edukiontzien bitartez jasotzea” planteatzen zela azpimarratu du alkateak. PSE-EE, Hamaikabat eta EAJko zinegotziek eta Atez ate ez, birziklapena bai plataformako kideek ez zuten proposamen hau onartu. Udal gobernuak ere sistema honen gaineko “zalantzak” dituela aitortu du Urtzelaik, baina proba egiteko prest daudela agertu du. Hori bai, momentuz aukera hori “aztertzen ari direla” gaineratu du.
Datorren astean bilduko da udal gobernua Sasietako eta Sporako teknikariekin gai hau aztertu eta erabaki bat hartzeko. Alkateak adierazi duenez, “udal gobernuaren helburua ez da atez atekoa. Izen bat edo beste izan, emaitzak lortzen dituen sistema baten alde egingo dugu”, esan du. Hortik zalantzak, atez ate bi frakzio soilik jasotzeak aurreikusitako emaitzetara ez iristea suposatu dezakeelako. Kasu horretan, udalak “atez ate lau frakzio biltzearen alde” egingo duela adierazi du alkateak. Baina guzti hori, datorren asteko bileran zehaztuko dute.