Txindokiko atletak herrialdeen estatuko lehiaketan ariko dira
Ordiziako Txindoki atletismo taldeko korrikalariek bi hitzordu garrantzitsu dituzte asteburuan. Batetik, estatu mailako herrialdeen arteko lehiaketan parte hartuko dute, Zaragozan. Bestetik, igandean Amorebietan (Bizkaia) jokatuko den Euskadiko kros txapelketan «lan handia» egiteko itxaropenarekin dira.
Zaragozako lehiaketa pista estalikoa da, kadete eta gazte mailetan. Txindokiko zazpi atleta ariko dira, Gipuzkoako selekzioarekin. Kadete mailan Gari Garmendia, Ane Torres eta Amets Otaegi lehiatuko dira, pisu jaurtiketan.
Gazte mailan, Nerea Galparsorok 60 metrokoan korrika egingo du, Janire Agirrek 400ekoan. Natale Irastortza gorako jauzian jardungo da, Alba Torres pisu jaurtiketan, eta Miren Arruabarrena jauzi hirukoitzean.
Euskadiko kros luzeko proba
Asteburuko bigarren jo-puntua Amorebietan ezarri du Txindokik. Euskadiko kros luzeko (11.500 m) txapelketa izango da.
Aurreko igandean Eneko Agirrezabal segurarrak irabazi zuen Euskadiko kros motzeko (4.100 m) txapelketa, Ortuellan. Goren mailan, Euskadiko lehen titulua du Txindoki taldeko atletak.
Kros luzekoan bigarren postua jarri du helburu Agirrezabalek.