
Iñaki Azurmendik aizkora desafio berri bat luzatu dio Jon Irazuri. Desafioa egingo den edo ez larunbatean jakingo da Tolosako Kantabrikoan arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara, Irazu azaltzen den edo ez denaren arabera. Azurmendiren esanetan, «orain gutxi Xabier Zaldua eta Jon Irazuk egindako apostuaren harira, saltsa sortzen joan da nire koadrilakoen eta jendearen artean». Erabakia hartu eta beasindarrak Euskadi Irratiko Hiru Erregeen Mahaia saioan bota zion desafioa. Azurmendiri lehia «maiatz hasiera aldera» egitea gustatuko litzaioke. «Neguan nahiko lasai ibili naiz eta horrelako desafio baterako ondo prestatuta egon nahi nuke; gogor prestatu beharko nuke», dio.