Barazkiez gain bada beste eskaintzarik
Nahikoa euri bota duela eta han eta hemen honek sortu dituen kalteak hizpide nagusi izan ziren atzoko ferian. Gaurko San Balentinek baino zeresan handiagoa eman zuen bai. Plazan bertan ere hutsune asko zeuden, goi xamarren baserriak dituztenak ez ziren etorri eta Tolosa ingurutik ere, ihauterietako biharamona nonbait, bat edo bestek piper egin zuten atzo. Eta zuhaitz landare saltzaileei buruz ere beste hainbeste esan daiteke.
Plaza barruko postuetatik azpimarratzekorik ezer asko ez. Perexil eta bitarteko porru landareak hasi badira ere, inork gutxik erosiko ditu eguraldiak ez baitu landatzeko ere tarterik uzten. Mimosa adar batzuk ekarri zituen Edurne Baliarraingoak baino horiek ere beraien ohiko edertasunetik urrun, kolore histua zuten.
Plaza inguruko postuetan, kanpoko produktuen artean Almeriajo Nijar herritik ekarritako baba freskoa salgai zen 2,5 €/k.
Jaki goxoak Goen plazan
Joxe Mari Mañuecoz saltzaileak Goen plazako txokoan jarri ohi du bere postua duela 6 urtez geroztik. Salmahaia plazatik aparte xamar geratzen den arren, berezoen ahoz ahoko ezagutza lagun, geroz eta hobeto saltzen duela zioen atzo. Izan ere, eta ezinbesteko dena zuen hizpide: «Produktu ona eta berezia daukagu, nonahi ez dira aurkitzen gure eskaintzak», batez ere txarkuteria.
Errioxakoa, Nafarroakoa edota Extremadurako Iberiko motako txorixoa, patatera delakoa, xexina, odolkia, txerri hankak, belarriak, hirugiarra… izaten du salgai Mañuecozek. «Oraintxe Ingalaterrako Europa mailako hestebeteen lehiaketa batean guk saltzen dugun txorixoak Urrezko Izarra saria lortu du», zioen Mañuecok.
Aitarekin ikasi zuen ofizioa, eta bide beretik segitzea aukeratu du. Donostiatik Gipuzkoako bost ferietara joan ohi da astero produktuak saltzera, Hernani, Legazpi, Irun, Beraun (Errenteria) eta Ordiziara. Jatekoen kalitateari ez ezik estetikari garrantzia ematea gustoko du Mañuecozek: «Laster poster berriak jarriko ditut postua inguratuz eta neroni ere sukaldariz janzten naiz hemen, postuan, saltzen aritzeko». Saltzaile onaren jarreraz, «itxura zaintzea ere garrantzizkoa» dela aipatu zuen, bezeroak postuaren beste aldean erosketak egiteko zain zituen bitartean.