
Ostiral arratsaldean Gazta zati bat estreinatuko da Bartzelonako Girona zineman. Dokumentala Kataluniako telebistako Jordi Ambrosek, Jon Maia zuzendariak eta Angel Oiarbide Nazioen Mundua taldeko kideak aurkeztuko dute.
Ekitaldia Euskal Etxearen zinemaldiaren barne antolatu da eta Kataluniako politikariek eta kultur eragileek gonbitea jaso dute. ERC alderdiko Joan Tarda, ANC Biltzar Nazional Katalaneko Carme Forcadell, Josu de la Torre El Periodico egunkariko zuzendariordea, CUPeko David Fernandez eta Comissio de la Dignitateko Toni Strubell bertan izango dira, besteak beste.
Aretoak 300 bat lagunentzako tokia du eta bete egingo da. Bertaratuek Idiazabal gazta eta sagardoa dastatzeko aukera izango dute. Larunbatean, igandean, hilaren 20an eta 27an eta martxoaren 6an ere dokumentala proiektatuko da Bartzelonan. Larunbateko emanaldian Oiarbidek eta Maiak egingo dituzte aurkezle lanak. Goierritarrak eta Zumaiako bertsolaria atzo goizean irten ziren Katalunia aldera eta igandean itzuliko dira.
Dani Oiarbide Nazioen Mundua taldeko kideak 2007tik erabakitzeko eskubidearen inguruan lanean ari diren Kataluniako taldeekin harremana dutela eta bidaia hau eurekin egoteko baliatuko dutela aipatu du. «Euren iritzi eta ikuspuntua ezagutzea interesgarria izango da, noiz eta hain une garrantzitsua bizitzen ari direnean».
Erabakitzeko eskubidearen inguruan, oso garrantzitsua iruditzen zaie beste eredu batzuk ezagutzea. Hala, Eskozian izan ziren eta Kataluniara lau aldiz joan dira dagoeneko. «Nazioen Munduak egin duen bidea jakinmin handiz jarraitu dute Kataluniatik. Hori dela eta, Gazta zati bat katalanera ere itzuli genuen».
Nazioen Mundua taldeak zeresan handia eman du azken urteotan, baina kataluniarrak ez dira hankamotz gelditu erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenean. «Guk ere interes handiz jarraitu dugu Kataluniako erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua, Arenys de Munten lehen galdeketa egin zenetik. Pauso garrantzitsuak eman dituzte, gaia gizarteratu egin dute, eta herritarrak euren etorkizunari buruz hausnarketan hasi dira modu naturalean».
Oiarbidek mugimendua herritarrek bultzatu zutela eta zabaldu zuten mezua «sinplea» dela azpimarratu du. «Ez da politikari profesionala izan behar herritarrek euren iritzia emateko aukera izatea ona dela ulertzeko».
Herrialde bakoitzak bere bidea egin behar duela uste du, baina elkarri lagunduz. «Erabakitzeko eskubidea gero eta herri gehiagotan ari da gizarteratzen. Tradizio demokratiko luzeko herrialdeetan joera hau naturaltasun handiagoz bizi dute».
Katalunian azken hilabeteotan aurrerapauso handia eman dute, baina Euskal Herria ere bidea egiten ari dela uste du. «Ez dugu lo hartu eta loak ez hartzea geure esku dago. Sarritan kanpotik perspektiba hobea izaten da, geure buruarekin kritikoegi izateko joera baitugu».
Nazioen Munduak hainbat egitasmo ditu 2013rako. «Helburu nagusia erabakitze eskubidearen garrantzia gizarteratzea da. Aurreko urteetan, udaberri-uda aldean, topagune bihurtu ditugu Larraitz eta Lazkao. Aurten ere antzeko zer edo zer egingo dugu».
Gainera, Eskoziara joango dira, ekintza erakargarriak eta parte hartzaileak antolatzen jarraituko dute eta martxoaren 2rako batzar irekia deitu dute Igartza jauregian. Bertan, euren egitasmoak azalduko dituzte eta jendearen proposamenak jaso.