Pista estaliko Espainiako txapelketan ariko dira Agirre eta Furundarena
Txindoki-Jaso atletismo taldeko Janire Agirre gaztea eta urte askoan Ordiziako klubean aritutako Alazne Furundarena –orain Atletiko San Sebastianen ari da–, asteburuan Sabadellen (Herrialde Katalanak) jokatuko den Pista estaliko Espainiako Txapelketan lehiatuko dira. Agirre jubenila da oraindik, baina 200 metroko proban nagusien txapelketan aritzeko gutxieneko denbora lortua du (25:76), eta bere marka hobetzeko intentzioarekin doa. Furundarena, berriz, txapelketa irabazteko hautagaietako bat da, parte hartzaileen artean bigarren denbora onenaren jabe baita (24:35).
Bestalde, Donostian, Pista estaliko kimu, gazte eta junior mailako txapelketan ariko dira Txindokikoak asteburuan, eta igandean beste bi probatan ere izango dira: Gasteizen kimu, gazte eta junior mailako iraupen proba bat jokatuko da, eta Legazpin, kros motzeko Gipuzkoako txapelketa.
Krosean bikain Txindokikoak
Euskal Herri mailan, krosean parekorik ez duela erakutsi du bigarren urtez Txindokik, ia maila guztietan nagusi izan baita, eta klubeko sei talde hilaren 24an Marina D’orren jokatuko den Espainiako kros txapelketarako sailkatu baitira. Bakarka, Eneko Agirrezabal bigarren sailkatu zen kroseko Euskadiko txapelketan.