Zaldibiako taberna historikoetako bat ixtera doa. Estankoak igandea izango du azkeneko zerbitzu eguna. Gaur egungo zaldibiar guztiek betidanik ezagutu dute taberna, tabako eta goxo denda, jatetxea eta edozer topa zitekeen denda, Santa Fe kalean, plazaren goiko ertzean. Erretiroa hartuta, Estankoko hiru anai-arrebek betiko giltzatuko dute.
Asteartean ohiko itxura zeukan tabernak, azkeneko astean zegoen trazarik gabe: zoru zuri-beltza garbi, mostradore altua parean, Jose Inazio eta Begoña barran, Milagros sukaldean; jendea sartu-irtenean, asko kartoikada tabako erostera —erregaia hartu egin behar, beste estankorik ez delako geratuko—. Jose Inazio, Begoña eta Milagros Urretabizkaia anai-arrebek eraman dute Estankoaren martxa. Familiako negozioa da; bost senideetatik lauk lan egin dute han, Maria Dolores senide zaharrenak ere bai.
«Gure ama, Ines, 13 urte zituela hasi zen hemen, 1933an. Amaren izeba batek zeukan hau; hari laguntzeko zegoen neska gaixotu egin zen, ama probarako etorri, gustatu eta bertan gelditu zen», azaldu du Begoña Urretabizkaiak. Duela hiru urte hil zen Ines. Senarra izango zuena, Inazio Urretabizkaia aramarra, okina zen, eta parean lana egiten zuenez handik ezagutu zuten elkar.
Orain hamar urte hil zen aita. «Bitartean, hemen aritu ginen denok», dio Begoñak. Taberna lehendik zegoen. Izebak amari, eta amarenetik senideengana igaro zen. «Ahizpa zaharrena egon zen aurrena, eta hura ezkondu zenean, gu. Nik 47 urte egin ditut, hamalau urterekin ikasketak utziz geroztik. Jose Inaziok 42 urte pasatu ditu. Gure amaren asmoak ez ziren horiek, baina guk ez genuen estudiatu nahi, eta hemen gelditu ginen», dio Begoñak.
Jatetxea ere ia oraintsu arte eduki dute, goiko solairuan jangela zutela. «Ezkontzak ere izaten genituen, baita bataio eta jaunartze bazkariak ere. Lehen herritik ez zen ateratzen jendea; orain herrian ez da inor gelditzen», dio Begoñak. Haurren goxo-denda ere hura izan da.
Herri guztietan zen «korteinglesa» ere bazen, mota guztietako salgaiak zeuzkan denda. «Aterkiak saltzen zituen gure aitak; botak zintzilika, alpargatak, artilezko galtzerdiak… nahi duzuna. Zapatariaren denda zen. Gure osaba bat zen zapataria, ez genuen ezagutu», gogoratu du Jose Inaziok. «Pentsua, ikatza… zer ez dugu saldu hemen?», gehitu du Milagrosek, sukaldeko atetik.
Lokala handiagoa zen garai batean, alboan dagoen okindegia ere bat zelako. «Estankoa baino lehenago Zapateri esaten zioten honi», azaldu du Jose Inaziok.
Jarraipiderik ez
Igandean du azkeneko eguna taberna zaharrak, eta ez du ondorengorik izango. «Ez gara saiatu ere egin. Estankoak, gainera, ez dauka segidarik. Espainiako Gobernuaren menpe dago tabako salmenta. Lehen eskubideak batak besteari pasatzen zizkion, baina orain Estatuak ematen ditu. Subasta egingo dutela esaten dute», azaldu du Jose Inaziok.
Bestetik, tabako makinarik inork ez du tabenan eduki nahi, lapurretengatik. «Guri ere sei hilabetean bi aldiz egin ziguten lapurreta. Hirugarrenean ere saiatu ziren, baina leihoa adreiluz itxita topatu zuten orduan».
Erretiroa hartu eta tabernaren loturatik aske gozatu nahi dute orain bizitzaz. «Aurrenetik falta sumatuko dugu, baina onera denak ohitzen dira, eta uste dut gu ere ohituko garela», dio Begoñak.
Bezeroen bisitak jasotzen ari dira egunotan. Areto futboleko mutilek, adibidez, koadro bat oparitu diete, agur bertso bat eskainita. Igande gauean itxiko dute betiko, baina eguerdian pintxoak eta edaria aterako dizkiete joaten diren herritarrei. Azken erronda izango du Estankoak.

Milagros, Jose Inazio eta Begoña Urretabizkaia anai-arrebak, betidanik lantoki izan duten Estankoan./Aimar Maiz