Kimetz elkartearen literatur lehiaketara lanak bidaltzeko epea ireki dute dagoeneko
Kimetz emakume elkarteak zabaldu du dagoeneko XIX. Literatur-Kontaketa Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Joan den astean egin zuten deialdia, eta apirilaren 13a baino lehen bidali behar dira lanak bi helbide hauetako batera, kartazalean argi adierazita Kimetzen lehiaketarako direla: Barrena kultur etxea (Nikolas Lekuona plaza) edo 114 posta kutxatila.
Hiru dira Kimetz emakume elkarteak lehiaketa antolatuta lortu nahi dituen helburuak: emakumezkoen artean sorkuntza literarioa sustatzea, arte horretan emakumeek bete dezaketen papera bistaraztea eta emakume elkarteen ohiko estereotipoa aldatzea. Asmo horiek guztiak bete egin dituzte Kimetzekoek denboraren joanean –19. urtea da lehiaketa antolatzen dutela–, eta era berean, literatur lehiaketen artean sona pixka bat izatea lortu dute. Horrez gain, literaturaren alorrean Ordizia mailan antolatzen den lehiaketa bakarra ere bada Kimetzena.
Oinarriak eta sariak
Lehiaketan adinez nagusi den edonork har dezake parte, eta lanak beste inon aurkeztu eta saritu gabeak izan behar dira. Gaia librea izango da, eta gutxienez bost orrialde eta gehienez 10 izango ditu aurkeztutako testuak. Sexismorik gabeko hizkera erabiltzea kontuan hartuko du epaimahaiak –literatur munduko adituek osatuko dute–, eta epaia ekainean jakinaraziko diete sarituei. Lan bakoitzaren hiru kopia aurkeztu beharko dira, kartazal itxi batean.
Bi sari nagusi banatuko dira. Euskarazko eta gaztelerazko lan onenen egileek 600na euroko saria jasoko dute, eta saritutako bi lan horien artetik bat ez bada emakume batek idatzitakoa, 200 euroko sari berezi bat emango diote emakume batek idatzitako testu onenari. Era berean, ordiziar batek idatzitako lan onena 150 eurorekin sarituko dute.
Gaztelerazko idazki asko jasotzen dituzte Kimetzekoek –asko oso urrutitik bidaliak–, baina euskarazko lanen aldetik herren dabiltza, eta dei berezia egin dute.