Olaberriko baserri bat subastatu eta hiru bizilagunak kaleratuko dituzte, 15.000 euroko mailegu pertsonal batengatik
Goierriko Etxegabetzeak Stop taldeak salatu duenez, Olaberriko baserri “historiko” bat subastara aterako dute, gaur, eta bertan bizi diren adin aurreratuko hiru bizilagunak —anaiak hirurak, 80 urte ingurukoak—, etxegabetu egin ditzakete, kalean geratzeko arriskuan dira. Guztia 15.000 euroko mailegu pertsonal batengatik da. Plataformak esan duenez, maileguemaile pertsonal batek diru kopuru hori utzi zien. Berme gisa baserria bera tasatu zuten, 30.000 euroko balioan. Etxegabetzeak Stop elkartearen iritziz, baserri horrek —ez dute izena jakinarazi— “balio zenbaezina” dauka.
Subasta gaur egingo da, Tolosako Epaitegian, eta hiru anaiak etxerik gabe gera daitezke. Etxegabetzeak Stop taldeak elkarretaratzea egin du, 09:45ean, Tolosan. Subasta epaitegian egingo da, 10:00etan.