Alazne Furundarena bigarren 200 metroko proban
Proba irabazteko, edota behintzat podiumera igotzeko hautagaia zen, eta ez du hutsik egin. Atletiko San Sebastian klubarekin ari den Alazne Furundarena abiadura-lasterkari ordiziarra bigarren izan da Pista estaliko Espainiako txapelketako 200 metroko proban, 24:16ko denbora eginez. Sabadellen (Herrialde Katalanak) jokatu da asteburuan txapelketa, eta Furundarenarekin batera, Txindokiko atletismo taldeko Janire Agirrek ere parte hartu du, proba berean gainera.
Aurkari gogorra du Furundarenak abiadura lasterketa horietan: Estela Garcia. Kataluniako korrikalariak 23:77ko denborarekin irabazi du urrea, eta gaur gaurkoz parekorik ez duela erakutsi du. Furundarenak soilik egiten dio itzal, nahiz eta ordiziarraren denborarik onena ez den 24 segundutik jaisten (24:06).
Agirrerentzat esperientzia
Oraindik jubenila den Janire Agirrek nagusiekin lehiatzeko gutxieneko denbora lortuta joan zen Sabadellera, eta esperientzia berri bat bizitzeko eta eskarmetua hartzeko baliatu du txapelketa. 26:16ko denborarekin kanpoan gelditu zen sailkapen proban.