«Nire makinariak euskaraz funtzionatzen du»
Legazpiko Bertso-Olariak bertso eskolako eta Zingi Zango euskara elkarteko kide da Asier Iriondo (Arriaran, 1973), lanbidez enpresetako euskara planak egiten ditu. Trikitixa jotzen ere aritu izan da.
Zer da zuretzat euskara?
Nire makinak euskaraz funtzionatzen du eta euskarazko mantenimendua behar du.
Zaletasun bat.
Gutxitxotan egin dut baina, gogoko dut familiaren iraganean arakatzea, eta osaba-izeben umetako kontuak entzutea.
Liburu bat.
Oraintsu irakurri dut Made in Galiza, Sechu Senderena.
Musika talde bat.
Gaur egun ez dabiltza, baina Kontrairo talde arabarra.
Abesti bat.
Tapia eta Leturiaren Egunez Eguneko.
Bertsolari bat.
Iker Zubeldia.
Janari bat eta edari bat.
Napolitana eta kafesnea.
Oporretarako leku bat.
Legazpiarrak 24 orduz martxan izaten omen gara, guk lokartu, eta Filipinetakoak esnatzen direlako. Badut gure alter egoari buruzko jakin-mina.
Amets bat.
Espazioan bidaiatzea.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Hiru urtera arte Arriarango Zabalondo baserrian bizi izan nintzen. Gogoan dut ukuiluko ganadua kendu zuten eguna.
Gorroto duzuna.
Txipiroiak botagura eragiten didate. Alergiaren bat izango dela esan izan didate, baina, nik garbi daukat gorrotoa dela.
Goierriko txoko bat.
Aztiria.
Herriko alkate bazina…
Kepa Urzelairen aholkuak adi entzungo nituzke.
Legazpin biziko ez bazina…
Arriaranen badauzkat lotarako tokia eta sutarako egurra.