Santboianak erraz irabazi dio Ordiziari, eta aurre hartu dio sailkapenean
Aurreragoko astean VRAC Quesos Entrepinares taldea Altamiran egurtu ondoren, gogo betez joan ziren asteburuan Axio Arañak zuzendutako mutilak Kataluniara, Santboianaren etxean paper txukuna egiteko asmoz. Baina ez zen horrelakorik gertatu. Kataluniarrak gehiago izan ziren zelaian, bi zatiak kontrolatu zituzten, eta bost puntu lortu zituzten ordiziarren kaltetan (45-18). Santboiana da orain hirugarren, eta ikusita partida bat gutxiago duela, Ordiziak laugarren postuari eustea du orain erronka.
Datorren larunbatean, hilak 23, Hernaniren aurka derbia jokatuko du Ordiziak Altamira zelaian (16:00), eta bi baja garrantzitsu izango ditu: Corey Simpson eta Joan Tudela. Espainiako selekzioarekin ariko dira biak.