Kalabazak lilurarik gal ez dezan
Azken hiruzpalau urteetan hasitako bideari jarraipena emango diote aurten ere Ordizian. Etzi hasi eta martxoaren 2a bitarte, ipuin kontalariekin, errezitaldiekin, kale ikuskizunekin eta beste zenbait artistekin gozatzeko aukera izango da Ordiziako gune ezberdinetan, orduan hasi eta bukatutako baita ahozkotasunari gorazarre egiteko sortutako Ahoz aho jaialdia. Honakoa da aurtengo leloa: …sar dadila kalabazan!
«Urtero garai honetan gertatu ohi den moduan, izarrak lerrokatu egin dira, sorginkeriaz bezala, eta galaxia berri bat eratu dute: kalabaza forma duen konstelazio bat». Intujai elkarteko kideek hitz horiekin laburbiltzen dute etzitik aurrera datozen hamar egunetan Ordizian bizi ahalko dena. Aurreko ekitaldietan bezalaxe, mundu zabaleko eta Euskal Herriko artistak arduratuko dira «kalabaza forma duen konstelazioa pizteaz». Kolonbia, Mexiko, Uruguai, Kuba, Irlanda, Valentzia eta Errioxatik etorritako izar horiek, Euskal Herriko dozena bat izarrekin elkartuko dira kalabaza handi bat osatzeko. «Istorioak, ipuinak, kondairak, kantuak eta jakituria gordeko ditugu bertan».
Bi asteburu bete-bete
Etzi izango da aurtengo jaialdiaren lehen ekitaldia, Barrenan. Carles Garcia Domingo valentziarrak eta Mercedes Alfonso kubatarrak ipuinak eta istorioak kontatuko dituzte Barrena kultur etxean, 19:00etan hasita. Etzidamu, berriz, hiru ekitaldi pilatuko dira. Toni La Salek eta Pailaztana Klown taldeak plaza eta kaleak girotuko dituzte arratsaldean, eta gauean, 22:00etan, Ipuinen Ahozko I. Narrazio Lehiaketa egingo da Barrenan. Gaur da lehiaketan izena emateko azken eguna.
Igandean eta astelehenean atseden hartu eta gero, otsailaren 26an eta 27an Urdaneta eta Jakintza ikastetxeetara egingo du bisita kalabaza kontalariak, bigarren asteburua girotze aldera. Martxoaren 1ean egingo da Ahozkotasunaren Gala Nagusia, eta martxoaren 2an, Goierriko Bertso Eskolak eta Beti Argi musika bandak sortutako Bertsoband ikuskizuna izango da. Datorren astean emango dute bi ekitaldi horiei buruzko xehetasun gehiago.
Ahoz aho jaialdia
- Otsailak 22, ostirala. Carles Garcia Domingo (Valentzia) eta Mercedes Alfonso (Kuba) kontalariak Barrena kultur etxean, 19:00etan. Gazteleraz.
- Otsailak 23. Toni La Sal (Euskal Herria) artistaren Ipuin lapurra kale ikuskizuna Plaza Nagusian (18:30). Euskaraz
- Otsailak 23. Pailaztana Klown taldearen Tuturrumurruk ikuskizuna herriguneko kaleetan, 19:30ean. Ipuinak, poemak eta istorioak kontatuko dituzte tutu batekin. Elebitan.
- Otsailak 23. Ipuinen ahozko narrazio I. lehiaketa. Barrena kultur etxean, 22:00etan.
- Otsailak 26. Iñaki Carretero kontalaria (Euskal Herria) Urdaneta ikastetxean (10:00), eta Jakintza ikastolan (11:15). Ikasleentzat, eta euskaraz.
- Otsailak 27. Ines Bengoa kontalaria (Euskal Herria) Urdaneta ikastetxean (10:00), eta Jakintza ikastolan (11:15). Ikasleentzat, eta euskaraz.
- Otsailak 27. Martha Eskudero (Mexiko) eta Soledad Felloza (Uruguai), Barrena kultur etxean, 19:00etan. Gazteleraz.
- Martxoak 1. Ahozkotasunaren Gala Nagusia Herri Antzokian, 19:00etan. Elebitan.
- Martxoak 2. Bertsoband, 19:30ean, plazan. Goierriko Bertso Eskola eta Beti Argi banda.