Korrika 18 martxoaren 22ko lehen orduetan pasatuko da Goierri garaitik
Ilunpean zeharkatuko du aurten Korrikak Goierri garaia. 18. ena izango da, eta martxoaren 14an abiatuko da Andoaindik, Eman euskara elkarri lelopean, hilaren 24an Baionan amaitzeko. Goierri garaira martxoaren 22a estreinatu berritan iritsiko da. Antzuolatik barrena, Deskarga zeharkatuta sartuko da Urretxun goizaldeko 1:50ean. Ordu bete inguruko buelta emango du Urretxun eta Zumarragan zehar, handik 2:50 ingururako Legazpira joateko. Korrikak Udanatik behera jarraitu du bere bidea, Deba goieneko lurrak igaroz.
Goierri garaian hamazazpi kilometroko zeharkaldia egingo du Korrikak, horietatik zortzi Urretxun eta Zumarragan, eta bederatzi Legazpin. Guztira 36 lekuko aldaketa egingo dira, 21 Urretxun eta Zumarragan eta 15 Legazpin. Lekuko aldaketa kilometroak erosi dituzten euskara elkarteen, sindikatuen, alderdi politikoen, kultur elkarteen, gazte asanbladen edo aisialdi taldeen artean egingo da. Kilometroak erosteko aukera oraindik badago. Interesatuek a.arando@hotmail.es helbidera idatzi dezakete.
Korrika iritsi bitartean, Korrika Kulturalaren baitan beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte Legazpin. Asier Iriondo, Legazpiko Zingi Zango euskara elkarteko kideak azaldu duenez, Legazpin dagoeneko bi egin dituzte: «Santa eskea eta bertso afaria». Egiteko daudenen artean ondokoak zehaztu ditu: «martxoaren 3an, mus txapelketa Karibe zaharrean, eta martxoaren 16an Martxoan Bertsoa txapelketako kanporaketa gaztetxean 23:00etan». Mus txapelketarako izena eman daiteke dagoeneko Kariben bertan. Korrika iritsi baino ordu batzuk lehenago ere festa giroa izango da nagusi. Martxoaren 21ean, «Korrika txikia egingo dute 16:00etan hasita herriko ikastetxeekin». Ondoren, 20:00etan «kalejira izango da bertsolariekin eta trikitilariekin», Korrika iritsi bitartean.
Bestalde, Korrikaren materiala salgai izango da martxoaren 16ra arteko azoka egunetan Legazpin, Urretxun, nahiz Zumarragan; nahi duenak Korrika laguntzaile egiteko aukera ere izango du. Martxoaren 24an, Baionara joateko autobusa antolatuko dute bailaran.