‘Indiako kontrasteak’ ikus entzunezkoa eskainiko du gaur Aitor Casadok
Aitor Casado argazkilari legazpiarrak Indiako kontrasteak ikus entzunezkoa eskainiko du gaur arratsaldean kultur etxean. Iazko udan bertara egindako bidaian egindako argazkiak dira lanaren bizkarrezurra. India bere horretan erakustea da Casadoren helburua «bere alde on eta txar guztiekin». Beste hiru lagunekin batera egin zuen Indiara bidaia Casadok. «Rajastan inguruan ibili ginen batez ere, baina Agran Taj Mahal bisitatu genuen, Kamasutra ere bai, eta Benares hiri sakratuan ere izan ginen», dio. Pakistango mugaraino ere joan ziren, guztira, gidari hindu baten laguntzarekin 2.800 kilometro egin zituzten hamazazpi egunetan.
India bertatik bertara
Casadok dioenez, «India ezagutzen duenak, edo maitatu edo gorrotatu egiten du». Izan ere, ikus entzunezkoari eman dion izenari kasu eginez, kontrasteen herrialdea dela dio. «Batetik maraja aberatsen jauregiak zirenak daude, eta ondoan pobrezia asko. Dena dago nahastuta, ez dago mugarik». Bere argazkietan bertako bizimodua islatzen saiatu da: «koloreak, merkatuak, janaria, kultura, dantza, erlijioa…». Populazioaren %90 hinduista da Indian eta 3.000 jainko dituzte. Zeremonia ugari egiten dituzte, «Ganges ibaian, adibidez, arima garbitzeko bainuak hartzen dituzte egunez, eta gauez errausketak egiten dituzte bertan». Animaliak ere nonahi ibiltzen dira bertan, «batez ere behiak, sakratuak direlako».
Atera zituen argazki guztietatik 500 aukeratu ditu gaur, 20:00etan hasiko den saiorako.