
Iparra-Hegoa ekimenaren 18. edizioa gaur hasiko da Seguran. Aurtengo gaia elikadura burujabetasuna izango da eta ekitaldi nagusia zazpi lurraldeetako ekoizleak elkartuko dituen azoka, baina Iparraldea eta Hegoaldea elkartzen lehenak Pantzo Hirigarai eta Kike Amonarriz izango dira. Horretarako tresna bikaina erabiliko dute: umorea. Bidaso: Biga so. Irri iparrak eta hego erak umore elkarrizketa eskainiko dute gaur, 19:00etan, Botikaxaharrean.
Amonarriz tolosarra eta Hirigarai baigorriarra lagun zaharrak dira, baina urte asko eman dituzte elkarrekin lan egin gabe. Euskal Kultur Erakundeak Iparraldekoen eta Hegoaldekoen arteko harremanari buruzko hitzaldi umoretsu bat prestatzea eskatu zien, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean antolatzen den Iparraldearen asterako, eta gogotsu erantzun zioten erronkari.
Duela urte eta erdi estreinatu zuten. «Egun bakar baterako prestatu genuen, baina toki askotatik deitu digute. Iparraldean hamar bat lekutan izan gara eta Hegoaldean hamabitan», aipatu du Amonarrizek.
Oso gustura daude. «Ondo hartu dugu elkar eta bion ikuspegiak elkartzea lan erraza izan da. Esperientzia polita izaten ari da», esan du tolosarrak.
Elkarrizketaren abiapuntua «oso sinplea» dela dio. «Bidasoaren alde batetik bestea nola ikusten den azaltzen dugu. Irakurketa kritiko-umoristikoa egiten dugu eta ikusleei barre pixka bat egiteko aukera eskaintzen diegu».
Elkar ezagutza faltak eta topikoek umorea jorratzeko parada ematen dute. Baina umorea ez da txantxetan hartzeko kontua: hitzaldiak oinarri zientifikoa du, Iparraldeari buruzko inkesta bat, hainz zuen ere. Bi hizlariek elementu autobiografikoak gehitu dizkiote.
Amonarrizek topiko nagusiak gastronomiarekin eta politikarekin lotuta daudela aipatu du. «Ricard edaria existitzen den bitartean, ezinezkoa izango da Iparraldea eta Hegoaldea batzea».
Bestalde, ustez elkarrengandik banantzen gaituzten gauza askok batu egiten gaituzte eta alderantziz. Adibidez, Paquito Chocolatero kantak. Eta Hegoaldekoek Iparraldekoak beti kantari daudela eta Zuberoan pastoralak besterik ez dituztela uste dute. «Topiko gehiago ezagutu nahi dituena, joan dadila hitzaldira», esan du tolosarrak.
Eta topikoak baztertu nahi dituena, joan dadila Iparraldera. Amonarrizek ez du txoko bakar bat gomendatu nahi. «Politena, beste edozein tokitara joaten garenean bezala, paseatzea, jendearekin hitz egitea… da. Gehien urruntzen gaituena komunikazio falta da. Jendea joan dadila Baigorrira edo Donibane Garazira, bazkaldu dezala han, murgildu dadila bertako festetan… Iparraldeko kultur eskaintza oso aberatsa da. Merezi du astero bertako agenda begiratzeak».
Hegoaldekoek eta Iparraldekoek ez dutela elkar ondo ezagutzen argi gelditu da, baina goierritarrek eta Tolosaldeakoek ba al dute elkarren berri? «Euskal Herriaz asko hitz egiten dugu, baina oso gutxi ezagutzen dugu. Ez gara asko mugitzen gure jaiotokietatik. Tolosakook, adibidez, Ordiziara eta Beasainera asko jo dugu; baina Segura, Zerain edo Zegamara ez horrenbeste. Donostiara joateko joera handia dugu eta tolosar askok ez dute Orexa ezagutzen. Mundu asko daude mundu txiki honetan».
Amonarrizek autokritika ere egin du. «Nik neuk ez dut nahikoa jotzen Goierri aldera. Lan kontuengatik askotan tokatu zait joatea eta lagun asko ditut bertan, baina aisialdian Nafarroara joateko joera handiagoa dut». Aurtengo Iparra-Hegoak, Iparraldea eta Hegoaldea gerturatzeko ez ezik, Goierri eta Tolosaldea hurbiltzeko ere balioko du beraz.