Antzingo eta Urdirozko euskal udalekuen historia biltzeko bilkura Lazkaon
Uda garaian eskola-umeen lagun arteko egonaldiak antolatzen dituen Euskal Udalekuak ekimenak Antzin eta Urdirotz herrietako (Nafarroa) etxeetan egon ziren lagunei deialdia egin die. Juntadizo bat egin, eta orduko bizipenak jaso nahi dituzte, baita argazkiak eta irudiak ere. Bi herri horietako udalekuen historia bildu nahi dute, liburua eta DVDa osatuta.
Euskal Udalekuek gaur egun hiru etxe dituzte, Goñin, Bernedon eta Abaigarren. Antzingo udalekua 1972 aldera hasi zen, eta 1981ean itxi. Urdirotzen 2006an itxi zuten etxea. Azkeneko urteetan han ibili zen taldeak «komenigarritzat» jo du bi herri horietako bizipenak biltzea.
Bi topaketa antolatu dituzte, bat Goierrin (bestea Zarautzen da). Lazkaon, martxoaren 9an, Antzinen eta Urdirotzen ibilitakoak elkartzeko bilkura antolatu dute. 09:30ean hasi, eta «hiru ordu inguruko saio atsegina» izatea nahi dute.
Orain arte jasotako argazkiak eta materialak erakutsiko dituzte, eta parte hartzen dutenen kontakizunak eta irudiak jaso. Aurrez izena ematea komeni da (www.udalekuak.eu/topaketa). Informazio zehatzagoa partaideei zuzenean bidaliko diete.
Eskola-umeez gain, Antzinen eta Urdirotzen egondako sukaldari, laguntzaile eta begiraleentzat ere bada topaketa.