Aldarria, borroka eta ospakizuna
Etzi zortzi da Emakumeen Nazioarteko Eguna, eta horren harira, asko dira Ordiziako Berdintasun batzordeak udalaren, Kimetz eta Hitzaro elkarteen, eta Gaztelekuaren eta Jubilatuen elkartearen laguntzarekin antolatu dituen ekintzak. «Martxoaren 8a emakumeen eskubideen aldarrikapen eguna da. Mugimendu feministak lortutakoa ospatu eta egiteko duenaren hausnartzeko eguna. Borroka eguna. Hala ere, ezin dugu ahaztu emakumeentzako egunero izaten direla borroka egunak». Berdintasun batzordak joan den ostegunean plazaratutako adierazpenak gisa horretan laburbiltzen du egun horren bueltari emango dioten izaera.
Emakumeek «super-emakume» ez dutelako izan nahi egiten dute borroka, eta baita haien eskubideak defendatzeko ere: «Enplegu duin eta soldata berdintasunaren alde; gure seme-alabak berdintasunean heztearen alde; emakumeen espazioak eta sareak indartzearen alde; emakumeen ekarpenak bistaratu eta errekonozitzearen alde; jendarte feminista baten alde». Indarkeria matxistaren, eta gizarte patriarkal eta kapitalistaren aurka ere borrokatzen dira.
Lilatoia eta 18. Korrika
Ekimen horiei lotuta, martxoaren 3an Donostian izango den Lilatoi lasterketan eta 18. Korrikan parte hartzeko deia ere egin dute korrika taldeko emakumeek.
EGITARAUA
- Bihar, hilak 28. Margolaritza kalean ekimena, 09:30ean, udaletxeko arkupeetan. Emakumea eta antifrankista, zigor bikoitza hitzaldia Barrenan, 19:00etan.
- Martxoak 3. Lilatoi lasterketara joateko deialdia.
- Martxoak 4. Maite Frankoren Filomena musugorri errege haurrentzako ipuin-kontaketa saioa liburutegian, 17:30ean.
- Martxoak 6. Fermin Muguruzaren Zuloak filma Herri Antzokian, 20:30ean.
- Martxoak 7. Oinezko ibilbidea egitea Jubilatuen elkarteko ibiltariekin, 15:30ean. 17:30ean, Barrena areto nagusian, Peio Ramirezen eta Xabier Zeberioren On ikuskizuna. 20:00etan emakumeen aurkako indarkeria salatzeko elkarretaratzea.
- Martxoak 8. Kontzentrazioa plazan, 19:00etan. 19:30ean, plazatik abiatuta, triki poteoa. 21:30ean afaria Boxing elkartean. Txartelak salgai Barrenan, Orlegin, Kirkilen, Herrikoan eta Pottokan, 15-13 euroan.
- Martxoak 10. Emakume kirolariak erakusketa prestatzeko tailerra gaztelekuan, 16:30ean.
- Martxoak 12. Maite Frankoren Juanita kuxkuxek beldurrik ez haurrentzako ipuin-kontaketa saioa liburutegian, 17:30ean. Ordu berean, Barrenan, La fuente de las mujeres bideoforuma, eta hitzaldia Yolanda Cervero psikologoarekin.
- Martxoak 15. Begoña Bilbaok zuzendutako Pottola antzezlana Herri Antzokian, 22:15ean. Antzerki Garaia ekimenaren barruko ikuskaria da.