Argazkigintza tailerra antolatu da Igartubeitin larunbat honetarako
Igartubeiti baserri museoak arte eta natura zikloa abian jarri du. Ekimen honen helburua ondarea gizarteratzea da. Larunbat honetan argazkigintza tailerra izango da interpretazio zentroan.
Tailer hau 12 eta 16 urte bitarteko gazteei zuzendua dago. 16:30ean hasiko da eta bi orduko iraupena izango du. Asier Gogortza izango da irakaslea.
Ikastaroak Begia begiaren barruan: kamera iluna eta paisaia du izena. Argazkiak egiteko teknikak asko eboluzionatu dira azken urteetan eta gaur egun edozeinek edozein unetan argazki asko egin ditzake. Horrek ingurunea eta argazkigintza ulertzeko moduari eragin dio.
Gazte askok ez dute argazkigintza analogikoa ezagutu eta etzi jarduera honen sorburura itzultzeko aukera izango dute. Horretarako, kamera ilun erraldoia eraikiko dute, barruan sartuko dira eta kanpoko paisaiak kamera barruan sortzen dituen argi eta itzalekin irudiak osatuko dituzte.
Igartubeitin bertsolariekin barrikotea eta bertso saioa ere antolatu dira martxorako. Barrikotea 9an izango da, 18:30ean. Zumarragako elizatik autobusa aterako da, 18:00etan. Bestalde, 22an Onintza Enbeita, Miren Amuriza, Maddi Txoperena eta Uxue Alberdik Ez da kasualitatea bertso saioa eskainiko dute.