Korrikaren bailarako mus txapelketa larunbatean jokatuko da, Legorretan
Korrika 18ren barruko kultur egitarauan, Goierriko mus kanporaketa jokatuko da, larunbatean, Legorretan. Aurrez herri mailako saioak jokatu diren bederatzi herritako muslariek parte hartuko dute. Musaldia 16:00etan hasiko da, Aldapa Haundi elkartean.
Korrikaren Gipuzkoako II. Mus Txapelketako saio baliagarria da, bailarako izaerakoa. Bederatzi bikotek parte hartuko dute, herrian txapeldun ateratakoak, hain zuzen. Honako herrietan antolatu dituzte kanporaketak: Legorreta, Arama, Zaldibia, Olaberria, Idiazabal, Arriaran (Beasain), Ormaiztegi, Gabiria eta Zegama.
Goierriko txapelketan aurrean geratzen direnek Gipuzkoako finalerako txartela irabaziko dute. Txapela Andoainen jokatuko da, martxoaren 16an, Irunberri elkartean 17:30ean.
Afarirako txartelak salgai dira
Korrika iritsi aurreko larunbatean, martxoaren 9an, Goierriko elkarteen arteko lehiaketa gastronomikoa eta afaria izango dira, Beasaingo plazapean, 21:30ean. Elkarteetakoek patatak errioxar erara eta haragi gixatua prestatuko dituzte. Ondoren, ijito-besoa eta kafea ere izango dira.
Helduen afari-txartelak 12 euro balio du, gazteenak (18 urte arte) 5 euro. Tiketak honako lekuetan eros daitezke: Beasain (Arrano, AEK, Basakana), Ordizia (AEK, Barrena), Lazkao (Antsoategi), Ataun (Sutegi, Troskaeta, Errotaundi), Segura (Elorripe), Idiazabal (Izpar), Itsasondo (Kaxintane), Legorreta (Olaso) eta Zegama (Itzala).
Korrika Kulturaleko egitarauak gaur eta bihar ere baditu ekitaldiak. Itsasondon Orreagako guduari buruz jardungo da Beñi Agirre, gaur 19:00etan, udaletxean. Hitzaldiaren ondoren Orreaga 778-824 dokumentala ikusteko aukera izango da.
Ordizian, bihar 19:00etan, Ander Leonek Emakumea eta antifrankista, zigor bikoitza hitzaldia egingo du, Barrenan. Zaldibian Peio Añorga ipuin kontalaria ariko da, bihar 17:00etan, Karreane kultur etxean. Idiazabalen Korrikaren dokumentala emango dute etzi, 19:00etan, udaletxean.
Larunbatean hainbat herritan izango du presentzia Korrika Kulturalak. Araman, 18:30etik aurrera, dokumental emanaldia, talo jana eta arropa salmenta antolatu dituzte.
Ataunen herri guztia zeharkatuko duen ekimena egingo dute, larunbatean, Eman euskara elkarri, eta izan euskalakari lelopean. Aian 11:00etan abiatuta, ibilbidea kotxez egingo dute, auzuneetan geratu eta kartelak itsatsiz. San Martinen bukatuko da, 12:30ean. Korrikaren dokumentala eman, eta euskara ikasi duten ataundarrekin solasaldia egingo dute.
Beasainen Goierriko Kasta taldekoek irakurraldia egingo dute, larunbatean 19:00etan, Igartzan.