San Benito ikastolak sortu zuteneko 50. urteurrena ospatuko du
Lazkaoko San Benito ikastola 1963an sortu zuten. Ikasturte honetan 50 urte beteko ditu, hala. Mende erdiko historia eta ibilbidea ospatzeko, batzorde bat hasita dago egitaraua prestatzen. Askotariko ekitaldiak izango dira.
Urteurrena «behar eta merezi duen bezala» ospatuko dute. Ekitaldi nagusiak maiatzaren 25 eta 26ko asteburuan izango dira. Haurrentzako jolasak eta jarduerak, sagardo dastaketa, flashmoba, kontzertua, festa nagusia eta bazkariak egingo dira larunbat-igande horietan.
Ekimen gehiago ere badira aurreikusita. Mendi martxa antolatuko dute apirilaren 14an. Automobilismo rally bat egiteko ideia ere bada, ekainaren lehenerako.
Bestetik, ikastolaren historia eta bilakaera bilduko duen liburua eta DVDa argitaratuko ditu San Benitok. Urteurrenaren logotipoa diseinatu dute, eta kamisetak aterako dituzte irudiarekin. Argazki erakusketa bat ere atonduko dute, eta ikastolako taldeen antzerkia ere izango da.
Batzordea lanean
Duela hilabete batzuk eratu zen 50. urtea ospatzeko lan-taldea, guraso, irakasle eta herritarrekin. Aipatutako ekitaldi horiek guztiak abian jarrita dituzte.
Batzordeko kideek atzo esan zutenez, ospakizunak bost helburu ditu. Lehena, ospatzea da, aitortzak eta esker onak eginez. Bigarrena, gogoeta, aurrera begira hezkuntza eta antolakuntza egitasmo nagusiak zedarritzeko. Barne kohesioa ere indartu nahi dute. Ikastolak «herriaren eraikuntzan» duen garrantzia azaltzea, eta ikastolaren «izaera, historia, irudia eta erronkak» gizarteratzea dira beste bi helburu.