Beste gairik ezean mozioak nagusitu dira Legazpiko azken osoko bilkuran
Legazpiko otsaileko osoko bilkuran gai gutxi landu dituzte. Urtarrileko osoko bilkuraren aktari onarpena eman eta gero, zenbait udal lanpostuen balorazioei buruzko irizpena onartu zuten. Jarraian, Bilduk aurkeztutako hiru mozioen eta udalbatzak adostutako beste baten aurkezpena egin zituzten.
Udalbatzak bere osotasunean aurkeztutako mozioa emakumearen nazioarteko egunari, martxoaren 8ari dagokiona da. Emakumeek herritartasun eskubidea osorik baliatzeko gainditu behar dituzten oztopoa aztertzea, emakumeentzako sare berriak sortzea eta tokiko lan politikoan horien parte hartzea bultzatzeko konpromisoa onartu zuen aho batez Legazpiko Udalak. Era berean, martxoaren 8an, udaletxe aurrean, 19:00etan egingo den elkarretaratzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Parot doktrinaren aurka
Bestalde, Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren 197/2006 doktrina, Parot doktrina bezala ezagunagoa, bertan behera uzteko eskaera egitea onartu dute. Izan ere, Bilduk aurkeztutako mozioaren arabera, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak aho batez ebatzi zuen 2012an, doktrina hori ez legezkoa eta oinarrizko eskubideen aurkakoa dela. Amaitzeko, Tibeteko eta Mendebaldeko Saharako herrien egoerari buruzko beste bi mozio onartu dituzte.