CIUko zinegotzi batek Kataluniako atez atekoaren esperientzia azalduko du, bihar, Lazkaon
Taradell herriko (Bartzelona, Herrialde Katalanak) alkateorde Jordi Baucells-ek (CIU) hitzaldia egingo du, bihar, Lazkaon. Polemika? Ez, emaitzak eta ekonomia jarri dio izenburua. Hitzaldia 19:00etan hasiko da, Areria antzokian.
Taradellek 6.212 biztanle ditu. Bartzelona probintzian dago, Osona eskualdean. Hondakinak biltzeko atez ateko sistema duten Kataluniako ehun herri baino gehiagoren artean bat da.
Zinegotzi izateaz gain, Taradell barruan duen La Plana mankomunitateko gerente izan zen Baucells, 2003tik 2011ra. Elkargoan 14 udalerri daude, eta 30.498 bizilagunen hondakinak kudeatzen ditu. Hamabi udalerritan atez ateko bilketa egiten dute. 2000. urtean hasi ziren, eta urraska ia mankomunitate osora hedatu dute eredua.
Hitzaldia Sasieta Mankomunitateak antolatu du, eta helburua «atez atekoaren inguruan sortu den informazio nahasia argitzea» da. Katalunian inolako polemikarik gabe ezarri da atez atekoa, «era guztietako alderdiak alkatetzan dituzten herrietan: ERC, CIU, PP, PSC…».