Arrieta eta Andonegi Euskal Herriko palako finalera
Otsaileko azken asteburuan Luzuriaga eta Soraluze finaletik kanpo geratu ondoren, joan den asteburuan Oiangu elkarteko palariek jokatutako bi partiden emaitzak ezinhobeak izan dira. Larunbatean, Ordiziako Beti-Alai pilotalekuan, Euskal Herriko pala motzeko Txapelketaren finalerdietako bat jokatu zuten Oianguko Gari Arrietak eta Azeari Andonegik –min hartuta dagoen Juankar Oteroren ordez aritu da azken partidetan Andonegi– Realeko David Arozenaren eta Koldo Zabalaren aurka, eta etxekoak atera ziren garaile (40-35).
Partida oso lehiatua izan zen hasiera-hasieratik, eta une batean 23-27 joan ziren aurretik donostiarrak. Hala ere, Oiangukoek eskarmentua dutela erakutsi zuten frontoian, eta horri esker lortu zuten garaipena. Lehen mailako final horretan Bizkaiko Kurene edo Getxoko klubetako bikoteren baten aurka ariko dira.
Antzuolan ezustekoa
Eta ezustekoa eman zutenak Ibarguren eta Agirre izan ziren, ordura arte partidarik galdu gabe zeuden Olalde elkarteko bikotea mendean hartu baitzuten Antzuolan (31-35). Oianguko bikotea multzoburu jarri da, eta Udaberri txapelketako finala jokatuko du datozen asteetan.