Ikurrinaren aldeko ekitaldiak antolatu dituzte Seguran
Espainiar Estatuak udaletxeko balkoian Espainiako bandera jartzea inposatu duela eta, Ikurrinaren Aldeko Lagunak Taldea sortu da Seguran. Talde honek hainbat ekitaldi antolatu ditu iganderako eta Euskal Herriko ikurrei atxikimendua adierazteko sinadura bilketa abian jarri behar du. Gainera, ikurrinak salgai jarri behar dituzte eta herritarrei balkoietan jartzeko deialdia luzatu diete.
Ikurrinak bihar iluntzean jarriko dira salgai, plazan. Ekitaldiak, berriz, igandean izango dira. Egun horretan ikurrinari omenaldia eskainiko zaio. Hasteko, 12.00etan kalejira egingo da. Ondoren, dantzarien eta abesbatzaren saioak izango dira. Gainera, segurarrek bertsoak abestuko dituzte. Bukatzeko, ikurrina jarriko da Errebotean eta herritarrek mokadutxoa jango dute.
Bestalde, igandean ere ikurrinak salgai jarriko dira eta herritarrei Euskal Herriko ikurrei atxikimendua adierazteko aukera izango dute.
Ekimen hauek guztiak astelehen arratsaldean aurkeztu ziren plazan. Ekhi Albizuk azaldu zituen egitasmoaren nondik norakoak, herritar talde zabal batek babestuta.
Euskal Herria «desagerrarazi» nahi dutela esan zuen eta horretarako euskal herritarrak desagerrarazi behar dituztela. «Horregatik inposatzen dizkigute beraien ikurrak, gureak bailira bezala hartu ditzagun, gureak direla sinetsi dezagun. Gure ikurrekin batera aurkezten dizkigute, hasieran pareko bailira, ondoren menpeko izateko».
Espainiako gobernuaren delegazioak Segurako Udala ere espainiar bandera jartzera behartu nahi du eta dagoeneko bi abisu jaso ditu. Hirugarrenean derrigorrez jarri beharko du, isunik edo kargu gabetzerik egon ez dadin.
Segurako Udalak batzar bat deitu zuen egoeraren berri emateko eta bertan egon ziren herritarrek Ikurrinaren Aldeko Lagunak taldea sortzea eta ekitaldiak antolatzea erabaki zuten. «Ikurrinaren alde urteetan borroka egin dutenei errespetuz eta gure ikurren defentsan, kalera irten behar genuela erabaki genuen». Taldeko kideek igandeko ekitaldietan parte hartzeko eskatu diete segurarrei.