
Ia urte beteko loaldia eta gero, Legazpiko
Kontsejutik udal aldizkariak berriz ikusi du argia. Gaur banatuko dute aldizkari etxe guztietan. Rakel Puente, Legazpiko Udaleko komunikazio arduradunaren hitzetan, «aldaketa nabarmena» da. Itxuraz erakargarriagoa egin nahi izan dute, «garbiagoa eta irakurtzeko errazagoa». Aldaketa nabarmenena, dena den, herritarrek nabarituko dute, «euren parte hartzea sustatzea» delako proiektu berriaren helburu nagusietako bat.
Kontsejutik udal buletina aurreko legealdian sortu zuten, «herritarrei udaletxean sortzen diren albisteen berri emateko». Gaur, helburu bera du, baina asmo berrituekin. Ia urte betez argitaratu gabe egon da, «aldizkari berriari zein forma eman» erabakitzeko. Iazko maiatzean argitaratu zuten azken alea. Orain itxura eta izen berriarekin jasoko dute legazpiarrek bi hilean behin argitaratuko den aldizkaria. Udal buletina izatetik udal aldizkaria izatera pasa da eta «bere jarraipena den arren, 0. alea da orain argitaratu dena».
Herritarren parte hartzea
Herritarrei zuzendutako hiru atal nagusi izango ditu aldizkariak.
Galdetu lasai eta
Gutunak atalek hartuko dituzte lehen orriak. Herritarrek nahi dituzten galderak luzatu ahal izango dizkio udal gobernuari, edo nahi duten gaiaren inguruko iritzia argitaratu. Horretarako,
legazpiko-udala.info web gunea edo udaletxeko arreta gunea erabil dezakete interesatuek.
Hirugarren atala,
Gogoratzen izango da, kontra azalean joango dena. Garai bateko argazkiak bildu nahi dituzte bertan, eta horretarako «herritarren parte hartzea ezinbestekoa» izango da. Gainerakoan, aldizkaria
Zer berri? bi hilabeteko albisteen atalak, elkarrizketa batek eta alderdi politikoei eskainitako atalak osatuko dute.
Lehenengo ale hau berezi samarra izango da. «Herritarren galderak eta iritziak falta zaizkigunez, alkateren elkarrizketa bat sartu dugu, aldizkariaren nondik norakoak azaltzeko». Gainera, argazkien bitartez egin diote 2012 urteari errepasoa ere.