Udaberrian egingo du herri galdeketa plataformak
Legazpiko Atez atekorik ez, birziklapena bai herri plataformak bosgarren edukiontziaren aldeko jarrera berretsi du, beste behin. Udal gobernuak pasa den astean atez ateko sistema zehazteko martxan jarriko duen parte hartze prozesua iragarri eta gero, egin ditu adierazpen hauek plataformak.
Plataformak iragarri duenez, «Sasietak hondakin guztiak atez ate jasotzeko ontziak kontratatzeko lehiaketa publikoa» deitu du. Ontzi urdin bat, hori bat, bi marroi eta gris bat izango lirateke, «familia bakoitzeko 28,51 euroko gastua» suposatuko lukeena eta Legazpiko Udalari, oro har «101.239,01 euro kostako» zaio.
Lau frakzioak atez ate biltzeko ontzien kontratazioa gauzatu bada, «udalak zertarako antolatzen duen parte hartze prozesua» galdetu du plataformak. Hala, prozesu honetan ez dutela parte hartuko jakinarazi dute, ez delako «bilketa sistema erabakitzeko prozesu bat» eta besteak beste, «ez dutelako edukiontzi marroia aukera bezala onartuko» bilera hauetan.
Gauzak horrela, udaberrirako herri galdeketa bat antolatuko dutela iragarri dute Ahotsa herriari lelopean. Legazpin atez ateko sistema maiatzerako edo ekainerako ezarriko duela aurreikusten du udal gobernuak, horregatik, herri galdeketa «lehenago» egingo dute. Prozesua «modu legalean» egingo dute eta «egiaztatzaile independenteek eta objektiboek balioztatuko dute».
Aurretik publiko egin bezala, herri galdeketaren emaitzak «bosgarren edukiontzia hobesten» badu «desobedientzia zibil publiko eta baketsua» deituko du herri plataformak. Desobedientzia da, «legazpiarrok gure eskubideak defendatzeko daukagun bitarteko bakarra» plataformaren hitzetan. Amaitzeko, datozen egunetan Ahotsa herriari dioten pin-ak salgai jarriko dituztela esan dute, «plataforma finantzatzeko dirua lortzeko» helburuarekin.