Foru Aldundia Otzaurtetik Nafarroara doan errepidea konpontzen ari da
Gipuzkoako Foru Aldundia Otzaurtetik Nafarroara (Gi-2637) doan errepidea konpontzen ari da. Lanak martxoa bukaeran amaitzea espero da.
Errepide zati bat mendian behera joan zen eta bidea itxita egon zen astebete inguru. Lanak urgentziazko prozedura bitartez konpontzea erabaki da eta Aldundiak 800.000 euro inguru erabiliko ditu obra honetarako.
Edurne Albizu Zegamako alkatea gustura ageri da, baina errepidea Segura irteeratik Nafarroaraino konpondu beharko litzatekeela uste du. «Asfalto kapa berria bota, harri-lubeta berriak egin eta bihurguneak zabaldu behar dira», aipatu du.
Albizuk Segura eta Zegama arteko errepidearen zaharberritzea bukatu gabe dagoela gogoratu du. «Bi kilometro pasatxo falta dira bukatzeko. Proiektua kaxoi batean dago, aspalditik. Bada hasitakoa bukatzeko garaia. Bide berriak egiten hasi aurretik, hasitakoak bukatu behar dira», esan du alkateak.
Zegamatik Nafarroara doan errepidearen egoera txarra gehien pairatu dutenak Otzaurteko bentakoak dira. Izan ere, bidea itxita egon den egunetan bezero asko galdu dituzte.
Bentako Joxe Mari Oiarbidek hamabost bat egunetan egoera «negargarria» izan dela dio. «Behin-behineko konponketa egiten zuten eta berehala itxita zegoen berriro».
Egun haietan Otzaurteko bentakoek bezero asko galdu zituzten. «Kontuan izan behar da gure bezero gehienak Etxegaratetik etortzen direla. Irratian errepidea itxita zegoela esaten zuten eta enkarguak ezeztatzeko deitzen ziguten. Batzuen bila gu geu joan ginen: autoa errepidea moztuta zegoen tokian utzi zuten, moztutako zatia oinez pasatu zuten eta gero gure autora igo ziren». Azkenean, Aldundiak konpontzaile-taldea jarri zuen, bidea mugitzen zenerako.
Bentakoak ez dira izan errepidearen egoera txarra pairatu duten bakarrak. «Inguruko baserritar batzuek Altsasun eta Araian lan egiten dute eta errepide hau erabiltzeko ohitura dute. Itxita egon den egunetan, Seguratik joan behar izan dira». Zegamatik Altsasura 18 kilometro daude Gi-2637tik eta 29 N-1 errepidea erabiliz gero.