Garagardo festa antolatu du laugarrenez Telleriarteko Txirrindulari elkarteak
Telleriarteko Txirrindulari elkarteak antolatuta, laugarrenez egingo dute Garagardo Festa Legazpin. Bihar arratsaldean hasi eta igandera arte luzatuko da festa. Aurten, Juan Luis Ormazabal elkarteko kideak esandakoaren arabera, «hamalau garagardo ezberdin dastatzeko aukera izango da» eta berrikuntzak egin dituzte jatekoari dagokionez. Garagardo Festaren helburu nagusia, elkarteak urte guztian zehar antolatzen dituen ekimenetarako dirua biltzea da.
Hiru dira, Telleriarteako Txirrindulari elkarteak urtean zehar antolatzen dituen ekintza nagusiak: «Maiatzaren 1eko 23 urtez azpikoen elite mailako lasterketa Santikutz jaien testuinguruan, mendiko zeharkaldi herrikoia irailean, eta Gipuzkoako ziklo kros txapelketa abenduan».
Ez dira horiek hala ere, parte hartzen duten ekintza bakarrak. Urtero egiten den «Aztirira igoeran antolaketa lanetan laguntzen dugu, eta santikutzetan haurrentzako bizikleta festa antolatzen dugu Sorgintxulorekin batera», dio Ormazabalek.
Oilasko izterrak eta patatak
Bihar 18:00etatik aurrera egongo da zabalik garagardoaren festa Urbeltz pilotalekuan, eta igandera arte, egunero ordu berean irekiko dituzte ateak. Guztira, hamalau garagardo ezberdin egongo dira aukeran, «hamahiru alkoholdunak eta bata alkoholik gabea». Warsteiner, Carling, Crimergen edo Paulaner etxeetako garagardoak izango dira, besteak beste. Garagardo bakoitzeko lau euro ordaindu beharko da, eta pitxarrak 1,5 eurotan salduko dituzte. Aukera egongo da, dena den, «iazko urteetatik etxean gordeta dituzte pitxarrak» eramateko.
Bi pertsonentzako menua «ukondoaz, bi saltxitxa gorriz, bi saltxitxa zuriz, patata pureaz, tartaz eta bi garagardoz» osatuta egongo da, 27 eurotan. Berrikuntza moduan, «bi oilasko izter patata frijituekin» eskatzeko aukera ere egongo da, 6 euroren truke.
Egunero, festa girotzeko Legazpiko musika taldeen diskoak jarriko dituzte eta pitxarrak bueltatzen dituztenen artean Aitxuri jatetxean bi pertsonentzako afari bat zozketatuko dute igandean.