'Publikoari gorroto' antzezlanak irabazi du Donostia Antzerki Saria
Huts Teatro konpainiaren ‘Publikoari gorroto’ antzerki lanak irabazi du XIII. Donostia Antzerki Saria. Saria emateko ekitaldia Antzerkiaren Nazioarteko Egunean egingo da, martxoaren 27an, 20:00etan, Viktoria Eugenia antzokian.
Xabier Mendiguren Elizegi beasaindarrak 1985ean idatzi zuen testua, eta Huts Teatrok oholtzaratu du azken hilabeteetan. Donostia Antzerki Saria ematen duen epaimahaiak —Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolatu dute sariketa— antzezlan ezohiko bezain ausart bati eman dio saria, antzerkiari buruzko hausnarketa baita antzezlanaren funtsa. Epaimahaiaren esanetan, “antzerkiaren gaineko hainbat kontu aztertzen ditu, besteak beste, ikuslearen eta aktorearen rolen analisia eta antzerkiak gizartean duen zeregina”. Epaimahaiak hitz bat erabili du antzezlana definitzeko: “probokatzailea”. Ander Lipus aktorearen lana nabermendu du, “bufoi ezinhobea baita”. Manex Fuchs da obraren zuzendaria.
Huts Teatrok 10.000 euro eta Jose Luis Zumetaren margolan bat jasoko du. 8.000 euro orain eskuratuko ditu, eta gainerako 2.000 euroak jasotzeko, 2015. urtea bukatu aurretik euskarazko antzerki lan berri bat eskaini beharko du Donostian.