'Parot' doktrinaren aurkako manifestazioa egin dute Legazpin
Goierri garaiko Herrira taldeak 197/2006 doktrina, edo Parot doktrina, indargabetzea exijitzeko manifestazioa deitu zuen atzo Legazpin. Protesta ekitaldia 19:00etan irten zen Euskal Herria plazatik, eskualdeko herritar askoren babesarekin.
Atzoko manifestazioa Ines del Rio euskal presoaren auziaren testuinguruan antolatu zuen Herrirak. Izan ere, atzo zen kasu berraztertzeko Europako Giza Eskubideen Auzitegian, Estrasburgon, azkeneko bista publikoa. Bide batez, Herriratik bailaran «Ezkio Itsasoko Gonzalo Rodriguezek eta Legazpiko Kepa Solanak eta Juani Delgadok Parot doktrinapean kartzelan jarraitzen» dutela gogorarazi zuten atzo. Gainerakoan, datu moduan esan, guztira 72 direla doktrina hau ezarri zaien euskal presoak.
Amaitzeko, Goierri garaiko Herrirak «Parot doktrina indargabetzea ezinbestekoa da euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespeneko espetxe politikari bukaera emateko», adierazi zuen.













