Osinalde sariko azken kanporaketa jokatuko da bihar Aztiri-Bat elkartean
Bihar, 20:30ean, Aztiri bertsolari saria jokatuko da Gabiriako auzo horretako Aztiri-Bat elkartean. Osinalde sariko azken kanporaketa izango da. Maddi Ane Txoperen hendaiarrak, Imanol Uria algortarrak, Eneritz Artetxe azkoitiarrak, Peio Ormazabal arrigorriagarrak, Imanol Irazustabarrena alegiarrak eta Joanes Etxeberria barkoxearrak abestuko dute. Bi bertsolari onenak apirilaren 6an Gabiriako Osinalde elkartean jokatuko den finalerako sailkatuko dira.
Epaile lanetan Euxebio Igartzabal gabiriarra, Migel Agirre aztiriarra eta Gorka Azkarate urretxuarra arituko dira. Gai jartzailea, berriz, Jokin Matxinandiarena izango da.
Nafarroako Arribe-Atallu herrian jaiotako 56 urteko gizon hau da, hain zuzen ere, duela 14 urte Aztiriko saioa bultzatu zuenetako bat. «Osinalde sariaren antolatzaileek kanporaketa bat antolatu nahi zuten eta nigana jo zuten. Lehen bi edizioak Brinkolan antolatu genituen, baina ez zuten arrakasta izan. Ondoren, Aztirira eraman genuen».
Ez da harritzekoa gabiriarrek Matxinandiarenarengana jo izana, aspaldiko laguna baitute. Nafarroan jaiotako legazpiarrak bi aldiz parte hartu zuen Osinalden eta 1977an ikusleen saria eskuratu zuen. Makina bat aldiz abestu zuen Iñaki Murua, Mikel Mendizabal eta Sebastian Lizasorekin, besteak beste.
Egun, lagunartean bakarrik abesten du. Hori bai, bertsolaritza bultzatzeko erruz lan egiten du. Berak eta gainontzeko antolatzaileek egindako lan onari esker, aurten ere arrakastatsua izango da Aztiri auzoko saioa: dagoeneko afarirako txartel guztiak saldu dituzte.
Pikatxa eta arkumea afalduko dute. Ondoren, bertso saioa hasiko da. Bi bertsolari onenak Osinalde elkartean jokatuko den finalerako sailkatuko dira.
Dagoeneko lau lagun finalean daude. Ordiziako Argi Berri elkartean jokatu zen saioan Josu Oiartzabal azpeitiarra eta Nekane Zinkunegi errezildarra sailkatu ziren. Zaldibiko Osinberde sarian, berriz, Iñaki Aleman iruritarrak eta Nerea Ibartzabal markinarrak lortu zuten finalerako txartela.