Txertotarako erretxina salgai, Zurutuza ahizpen postuan
Eguerdi parterako iragarrita zegoen urtaro aldaketa, neguari agur esan eta udaberriari ongietorria eginez. Baina lehengo lepotik burua: euriarekin aspertuta dago jendea. Landare eta lore postuetan bada udaberriko seinale ugari, baina bustiak ez du baratzeko lanetarako laguntzen. Saltzaileak dira egoeraren berri inork baino hobeto dakitenak. Maria Dolores Arruabarrena aramarrak esan duenez, «saltzeko dauzkak baina apirileko hila demonioa izaten da eta itxarotea hobe». Dotore asko zuen postua, lehen geranioak, huntza, dalia eta larrosa loreak ekarri baitzituen, baina zuhurtasunaren aholkua ematea ez zuen ahazten. Seguran izango den igandeko lore eta landare azokarako eskaintza prest dute Agerre baserrikoek.
Kontu beretsuak aipa genitzake landareen postuei buruz. Izan ere astetik astera aukera handiagoa da, baina eguraldiak lagundu ezean, alferrik da. Lekak, luzokerra, kuiatxoa, tomatea, pipermin eta txorizeroa salgai dira, baina negutegian ez bada, arriskua hartzea da oraindik. Aldiz, urteko porrua ia kanpoan ere landatu daiteke, eta zainzuri sustarrak ere Illarramendiren postuan erosi daitezke.
Maria Jesus Oriak erramu adar ederrak ekarri zituen.
Igandean, Erramu eguna
Azokako produktuetan erreparatuz laster antzeman daiteke zein urte garaian gauden eta are eta zehatzagoak dira data jakin batzuekin lotutako markak, hala nola erramua. Egutegi beharrik gabe jakiten da datorren igandea aste santuaren aurrekoa dela: erramu igandea alegia. Euro eta hiru euro artean sortak nahiz adarrak salgai hainbat postutan.
Erretxina, txertatzeko
Zuhaitzak txertatzeko garaian gaude, baina eguraldiak lagundu ez nonbait eta «eske handirik ez dugu izan aurten orain artekoan»; hala zioten Arantxa eta Maite Zurutuzak. Aurreko urteko prezioan dute salgai beraiek prestatutako erretxina, 8 euroan kilo erdiko potea edo 4,5 euroan kilo laurdenekoa.