Udalak bere eskumenekoak diren neurriak hartu ditu lapurretei aurre egiteko
“Azken bi hilotan areagotu egin da berriz lapurreta kopurua eta salbuespen neurriak hartzea egokitu da. Udalak bere eskumenekoak diren neurriak hartu ditu”. Igor Eguren alkatea prentsaren aurrera atera da gaur azken boladan gertatzen diren ari diren lapurreten aurrean udala hartzen ari den neurrien berri emateko, Iban Asenjo Zerbitzuetako zinegotzia eta Aitor Escalante udaltzainburua lagun zituela.
Lapurreta gehienak kale mailan dauden denda, taberna eta komertzioetan izan badira ere, azken hilabeteetan etxebizitzetako garaje pribatuetan gertatzen ari dira. Egurenen esanetan, Beasaingo Ertzain-etxearekin harremanetan jarri, eta urte hasieran kanpaina berezia abiatu zuen Ertzaintzak Ordizian. “Operatiboa bost astekoa izan zen, eta gaueko zaintzaren ondorioz %60 murriztu zen lapurreta kopurua”.
Emaitza horiek “behin betikoak ez” zirela izango jakin arren, egoeraren azterketa egiteko balio izan diela adierazi du. Hori dela eta, azken egunetan Udaltzaingoa zaintza berezia egiten ari da lapurretak izan diren eremuetan, eta lapurretak izan daitezkeela susmatzen den tokietan. Ertzaintzak ere berriz abiatuko da lapurretak saihesteko zaintza kanpaina. “Ordizian hain ezohikoa zaigun egoerari ardurarekin baina asaldatu gabe heldu behar zaio”.
Aitor Escalante udaltzainburuak, bestalde, lapurretan saihesteko hainbat neurri hartzeko deia egin die herritarrei. Garaje komunitarioetako sarrerako atea erabat itxi arte ez joateko, garaje barruetako bizikletei giltzarrapoa jartzeko, garajeetan ezezagunak ikusiz gero Udaltzaingoari edota Ertzaintzari deitzeko, eta giltzak lapurtuz gero, sarraila aldatzeko deia egin du, besteak beste.
Hiru lagun atxilotuta
Horren harira, Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu egunotan –astelehenean eta asteartean– Ordizian eta Beasainen 100 lapurreta inguru egitea egotzita, «balio handiko bizikletak, batez ere». Gaur bertan hirugarren gazte batek bere burua aurkeztu du Beasaingo Ertzain-etxean.