Ampo Ordizia, azken bi porrotak ahaztera
Ampo Ordiziak partida garrantzitsua jokatuko du igandean Altamiran Sevillako Cajasol Ciencias taldearen aurka (12:00). Liga erregularra gutxienetik laugarren postuan bukatzea du helburua Ordiziak, eta horretarrako behar-beharrezkoa du puntuak etxean geratzea. Horrez gain, Kopan Gernikaren aurka eta ligan Cisnerosen aurka jasandako porrotak ahaztu, eta atzera konfiantza berreskuratzeko baliatu nahi du partida Axio Araña entrenatzaileak.
“Talde hau denerako gai da, onerako zein txarrerako. Orain da daukagun onena zelaian erakusteko garaia. Denboraldia ohorea aurretik dugula bukatu nahi dugu, eta gure buruari erakutsi sorpresaren bat ere eman dezakegula”, adierazi du.
Zuzendaritzak kargua utziko du
Bestalde, Ordizia Rugby Elkarteko zuzendaritzak jakinarazi du ekainean kargua utziko duela. Urte hasieran zabaldu zuten zuzendaritza berritzeko hauteskunde prozesua, baina orduan ez zuen inongo taldek bere burua aurkeztu. Orain hamabost egun, ordea, klubaren inguruko zenbait jendek prestutasuna hartu zuten kargua uzteko, elkartean egin zen bilera batean. Hori dela eta, egungo zuzendaritzak ekainean karguak utziko zituela erabaki zuen. Aldaketa hori “mailakatua” izatea erabaki zuten orduan, eta egungoek eta berriek adostuko dutela aldaketa hori nola bideratu.